Beste hainbat atzizkiren kasuan bezala, -ki bat baino gehiago bereiziko dugu, oinarriaren kategoria eta atzizkiaren adiera kontuan hartuta. Hala egin zuen Azkuek ere. Hemen aztergai dugun -ki1 hau aditzoinari eransten zaio, goraxeago esan bezala, du motako aditzoinei, eta ‘baliabidea’ adierako izenak sortzen ditu: beroki, estalki, iragarki, iragazki, tapaki. Eta mota horietako izenei erants dakizkiekeen atzizkiak ager daitezke ondoren, hala nola iragarkigile edo iragarkigintza. (Ikus -ki2 § 4.4.3.2, -ki3 § 6.2.4).
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.