Euskalki mailako aldaerak dira: -kada (-tada), oro har, mendebaldekoa; -tara ekialdekoa (batetik, eratorpenean ohikoak diren k- eta t- lotura kontsonanteek bereizten dituzte bi aldaera horiek eta, bestetik, bokalarteko /d/ eta /r/ txandakatzeak). Zaila da, beraz, bi aldaera nagusien artean bakarra hautatzea lema gisa. Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarreretan ere mendebalde/ekialde aldaerak aurkituko ditugu: basokada, eskutada, gurdikada, katilukada, labekada, otzarakada (bizk.), platerkada, saskitara (Ipar.).
Adibide horietan honela ulertu behar da multzo adiera: oinarriak adierazten duen zera horrek hartzen duen kantitatea. -kada atzizkiaz sortutako izenak maiz kuantifikatzaile gisa ageri zaizkigu, eta neurri sintagmak osatzen dituzte: kolkokada sagarra, bi katilukada esne, gurdikada egurra, hiru koilarakada gurin… (§ 12.3.5d).