Beste atzizki batzuk ikusten ditugu -ezia, -tate, -tzia… izen abstraktuen sortzaile eta, beraz, hein handi batean -tasun atzizkiaren baliokide; hain zuzen ere, euskarak askotan izango du -tasundun eratorria (ahuldade/ahulezia/ahultasun, gabezia/gabetasun eta abar) beste atzizki hauekin sortutako izenaren ondoan. Baina hemen aipatuko ditugun atzizkiok ez dute emankortasun handiegirik izan euskararen ondare lexikoan, eta ihartutzat eman ditzakegu euskara estandarrean hitz berriak sortzeko. Horien artean adibide gehien utzi dizkiguna -ezia da (ikus Villasante 1974: 75), adjektibo kalifikatzaileei erantsirik nolakotasuna adierazten duten izenak sortzen dituena (abilezia, ahulezia, artezia, finezia, gabezia, pobrezia, trebezia). Gehienetan mailegu egokituen amaieran aurkituko dugu -tate atzizkia (besterik da euskal ondare lexikoko mailegu horiek zer leku duten gaur euskara estandarrean), eta, horrenbestez, ez genuke euskal eratorpen atzizkitzat hartuko (birjinitate, karitate, libertate, sinzeritate); baina latinezko -tate(m) atzizki horren aldaerak ere antzematen ditugu euskal adjektiboetatik eratorritako izenetan (ahuldade, bakardade, gogortade, ondare, ondade…)21. Gramatikarien artean -tzia atzizkiaren formak zalantzak sorrarazi ditu; Azkuek (1923-1925) eta Lafittek (1944) forma horretako atzizkia hartu dute kontuan, izen abstraktuak edo egoera izenak sortzeko baliatzen ditugun atzizkiak aztertzean. Villasantek (1974: 135), berriz, -tza atzizkiaren aldaeratzat jo zuen. Nolanahi ere, oso izen gutxitan antzemango dugu -tzia literatura ondarean (ausartzia, nabarbentzia, zuhurtzia…).
21 Aditzoinari erantsirik sorturikoak dira egitate, ikustate, jakitate eta besteren bat. Ihartutzat eman ditzakegu, hurrenez hurren, ekintza, begirune edo jakituria izenen baliokide diren hauek ere.