Dimentsioa, neurria adierazten duen heinean, atzizki hau izen abstraktuak sortzen dituztenen artean sailkatu zuen Azkuek. Neurriarekin zerikusia duten adjektiboak hartzen ditu oinarri (altu, garai, lodi, luze, sakon, zabal) eta ‘zerbaitek behetik gora duen neurria’, edo ‘luzetasunaren, sakontasunaren neurria, zabaltasunaren neurria’ adierako izenak sortzen ditu (Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak): altuera, garaiera, lodiera, luzera, sakonera, zabalera. ‘Loditasunaren neurria’, ‘luzetasunaren neurria’, ‘sakontasunaren neurria’ edo ‘zabaltasunaren neurria’ definizioa eman die Euskaltzaindiaren Hiztegiak izen horiei.