Ekialdeko testuetan ageri den atzizki honek bi motatako erabilerak izan ditu tradizioan. Batetik, gizaki adierako izenei eransten zaien -tasun atzizkiaren baliokide da ahaidego, etsaigo, adiskidego edo euskaldungo adibideetan. Erabilera nagusia, ordea, lanbide adierakoa du: gizakia adierazten duten izenei erantsi eta lanbide edo estatus izena sortu (abeltzaingo, alkatego, apezgo, berettergo, buruzagigo, hargingo, zurgingo…). Ondoren ikusiko dugun mendebaldeko -tza1 atzizkiaren baliokide da (§ 4.1.5). Badira bestelako adibideak ere, baina zaharkiturik daudenak eta eratorri berriak sortzeko eredutzat hartzen ez ditugunak (bekaizgo, gaitzerizko, hegigo, onerizko…).
Euskara estandarrean, ordea, beste eredu hau gertatu da emankorra, hitz berriak sortzeko bide eman duena (biztanlego, entzulego, irakaslego, ikuslego…), hots, izen multzokaria sortzeko baliatzea, baina tradizioan oinarririk ez duena. Erabilera oker horri, eta multzokariaren gehiegizko erabilerari aurre egin nahi izan dio Euskaltzaindiak (73. araua). Euskaltzaindiak oroitarazi du, batetik, gehienetan ez dugula izen multzokariaren beharrik, nahikoa dugula plurala erabiltzea (ikastetxe honetako ikasle eta irakasleak; herri bateko biztanleak); bestetik, izen multzokaria beharrezko denean, -eria atzizkiaz baliatzea (§ 4.3.3) gomendatu du Euskaltzaindiak (langileria, biztanleria, bezeria). Eta -go atzizkia erabil dadila ofizioa edo lanbidea adierazteko (artzaingo, zurgingo…), nahiz -tasun atzizkiaren baliokide (euskaldungo, ahaidego…).
Ikus honetaz 73. araua: “-go atzizkia eta izen multzokariak”, Donostian, 1997ko maiatzaren 30ean onartua.