Miguel Sanz jaun txit gorena,
Nafarroako Gobernuaren lehendakaria
Gaia: Nafarroan euskararen inguruan politikarien artean sortutako zenbait eztabaida kezkagarri direla eta
Jauna:
Aditzera ematen dizut akademia-instituzio honek, joan den ostiralean, ekainak 23, egoitza honetan egindako hileroko osoko bilkuran, beste gai batzuen artean, berori buru den foru-betearazle horrekiko honako adierazpen hau aztertu eta onartu zuela:
«Euskaltzaindia instituzioa, 1918an zenbait instituziok sortua da, hauen artean Nafarroako Foru Diputazioak eta 573/1976 Errege Dekretuaren bidez onartua. Honek dauzkan helburuetarikoen artean, euskararen eskubideen jagotea eta erabilera bultzatzea ditu. Euskaltzaindia erkidegoez gaindiko instituzioa da.
Eta instituzio honek, helburuak betetzeko, jarraiko eginkizunak dauzka, alegia:
a) Azken aldion, Nafarroako politikarien artean azalduriko eztabaida dela eta, Euskaltzaindiak bere kezka azaldu nahi du.
b) Bestalde, berorrek gidatzen duen Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusi berria aski izango dela euskararen presentzia, erabilera eta sustapena bermatzeko, azken aldiotan, Nafarroako gizarteak egunetik egunera geroago eta gehiago eskatzen baitu.
c) Berorrengandik hau eskatzen du, hots, Nafarroako gobernuburu denez gero, nafar hiritar guztien hizkuntza, lingua navarrorum, hautatzen dutenen eskubide guzti-guztiak bermatuak izan daitezela. Aipatu hizkuntza elkar ulertzeko izan dadila, bai gogoz eta bai elez, eta honela, Nafarroako Foru Komunitateak aldarrikaturiko hizkuntza-legea aurrera eramana eta betea izan dadila».
Honen albiste emanaz batera, har beza nire adeitasunezko agurra.
Jean Haritschelhar,
euskaltzainburua
Bilbon, 2000ko ekainaren 28an.
Euskera, XLV, 2000, 3, 941.