Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2022)

ATARIKOA

Andres Urrutia,
euskaltzainburua

1. Euskaltzaindiaren adierazpenak: oinarriak eta ezaugarriak

Berrogeita zortzi urte igaro dira Euskaltzaindiaren nortasuna Hego Euskal Herrian legeztatu eta ofizialtasuna eskuratu zuenetik Euskararen Akademiak. Urte aldikada horietan, bistan da, Euskaltzaindiak etengabe jardun du euskararen babes- eta sustatze-lanetan, Jagon Sailaren bidez, lehendik ere berezko zitzaiona ahaztu eta alboratu gabe.

1976. urteko dekretuak ate berriak ireki zizkion Euskaltzaindiari, bere ahotsa eta iritzia aldarrikatzeko euskararen jorraketan. Ahots ofizial horren adierazpenak dira, hain zuzen ere, argitalpen honetara bildu direnak. Adierazpenak adierazpen, hona ekarritakoak ez dira nolanahikoak. Izan ere, lau hamarkada luze hauetan euskarak, bere historia osoan ez bezalaxe, koordenatu eta ardatza berriak izan ditu, ofizialtasunaren ondorioz etorri zaizkionak euskal herrialde batzuetan.

Ildo beretik, ezin bazterrean utzi, nolanahi ere, Arantzazun 2018. urtean eginiko Euskara batuaren Adierazpena, berori baita, aldi hartan ehun urte bete zituen hizkuntza akademia honen zinezko giltzarri eta euskarri, iragana, oraina eta geroa lotzeko eta estekatzeko, hizkuntzaren corpusaren eta estatusaren alorretan.

Hainbatez, aldikada hori izan da lekuko, Hego Euskal Herrian, berebiziko aldaketa politiko eta sozialena. Espainiako estatuak gaztelaniaz besteko hizkuntza batzuei (euskarari, katalanari eta galegoari) ofizialtasun osoa aitortu die. Horren ondorioz, lurraldeka antolaturiko estatuak ekarri du, Hego Euskal Herrian, lurralde euskaldunak bi-bitara antolatzea (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea), eta biotan euskara ofiziala izatea, baldintza desberdinetan bada ere. Araubide berri horiek, besteak beste, hizpide izan dira Euskaltzaindiarentzat, kasuan-kasuan eta arauzko testu bakoitzari buruz iritzia eman duela Euskararen Akademiak, aldekoa zein aurkakoa.

Hego Euskal Herriaz bezainbeste, Ipar Euskal Herriak ere izan ditu aldaketak hizkuntzen araubideetan. Behinolako Toubon legeak zein gerora Frantziako Errepublikaren Konstituzioan izan diren aldaketek, batik bat Molac legeak eta horien ondorioek, argi erakutsi dute, berrikitan hasi den euskararekiko hizkuntza-politika baten formulatzearekin batera, Iparraldeko euskal herrialdeetan ere, giro berri baten aurrean gaudela. Horra, bada, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa. Horren barnean jokatu beharko du Euskaltzaindiak, Frantziako Errepublikak 1995. urtean aitortu zion nortasun juridikoaren bidez.

Bada, hala ere, aurrekoetatik bereiz, esparru berri-berria. Hego nahiz Ipar Euskal Herria lotzen eta estekatzen duena. Europa du izen eremu berri horrek. Izatez, euskaldunok Europa dugu etorkizun eta eginkizun, eta, horren barruan ere, Europaren eskutik etorritako arau eta lege berriak manuzko eta aginduzko. Bego. Esandakoaren lekuko, argitalpen honetara ekarri den Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna testuaren zati esanguratsua edota berrikitan Euskaltzaindiak argitaratu duen Hizkuntza Zuzenbidearen liburuaren hirugarren argitaraldia.

Horretan guztian, zer esanik ez, Euskaltzaindiak betidanik izan du bere lanabes egokia, Jagon sailaren bitartez. Hasieratik beretik datorkion bitasunean, alegia, Iker eta Jagon sailen arteko banaketan, bigarrenari egokitu zaizkio euskararen erabilera-eremuak eta -esparruak aztertzea eta bultzatzea. Ukaezina da, bestalde, egun badirela, Euskal Herriko lurraldeetako herri-agintaritzaren barruan euskararen politika euren gain duten erakunde eta botereak. Hala izatea ere, pozgarri Euskaltzaindiarentzat, demokrazia baten barruan gobernuari baitagozkio halako zereginak.

Hala ulertu eta plazaratu ditu Euskaltzaindiak prozesu horren nondik norakoak. Horrexegatik egin ditu adierazpenak, jakitun izanik, hizkuntzaren politika dela eta, berari dagokiola, legez eta lanez, unean uneko eta kasuan kasuko aholku-emaile izatea, alegia, euskararen aurrerakuntzan bere iritzia ematea, iritzi hori inolako alderdi edo ideologia baten mendekoa ez denik. Arean ere, iritzi eskeak etorri zaizkio Euskaltzaindiari erakunde guztietatik (gobernutik, parlamentutik…), eta beti saiatu da horiei erantzuna ematen.

Hartara, Akademiaren JAGON sailaren Sustapen batzordeak argitalpen honetara bildu dituen adierazpenen barruan, hiruzpalau oinarri nagusiak bereizteko modukoak dira, molde ezin argiago batean:

- Akademiaren zeregina beti izan da aholku-emailea, hau da, norabideak azpimarratzea, berari ez dagokiolako hizkuntza-politikaren neurri eta erabaki zehatzak hartzea.

- Euskaltzaindiarentzat euskararen herrialde guztiak dira aintzat hartzekoak, bakoitzak bere ezaugarri, baldintza eta kasuan kasuko antolakuntza juridiko nahiz administratibo bereziekin.

- Euskaltzaindiak ez dio ideologia eta pentsamolde politiko jakin bati men egiten, guztiak baitira errespetagarriak demokrazia-egoera batean. Alderdiena baino, gizartearena ikusten du Euskaltzaindiak euskararen etorkizuna.

- Aurrekoaren seinale, Euskaltzaindiaren kezka da euskararen aitzinatzea eta esparru berriak eskuratzea. Ildo beretik, bere proposamenak luzatzen ditu egun hizkuntzaren araubideak hobetzeko asmoz eta gogoz.

2. Argitalpenaren edukia

Honaino etorrita, badaki irakurle ohartuak zein den edizio digital honen mamia eta funtsa: edonori eskaintzea, Euskaltzaindiaren mezua, azken berrogeita zortzi urteetan ondua, euskararen babes eta defentsarako.

Begien bistakoa da ez direla hemen Euskaltzaindiak historian zehar egin dituen euskararen estatusari buruzko adierazpen guztiak, ezta hurrik eman ere. Hautaketa egin da, hala nahita, irizpide batzuk aurrean izan direla:

Lehena izan da, kronologiaren arabera, Euskaltzaindia legeztatu zenetik gaur arteko testuak biltzea. Lehen esan legez, bi prozesu gertatu dira batera, Euskaltzaindia nortasun aholku-emaile izatea eta euskararen ofizialtzea, Hego Euskal Herrian. Esparru jakin bateko testuak barruratu dira horretan, bitasun horretatik abiatuta: bateko, Euskaltzaindiaren nortasuna aitortzen dutenak, Hego zein Ipar Euskal Herrian; besteko, euskararen herrialdeetan izan diren lege-estuen gaineko adierazpenak, euskararen koofizialtasuna dela eta.

Bigarrenaren ildoa ere, bazterrean ez uztekoa, horretan mamitu baita, behin nortasuna eskuratu eta euskararen koofizialtasuna ezarrita, Euskaltzaindiari dagokion egitekoa, hots, hainbat erakunderen aurrean eginiko agerpenak eta txostenak plazaratzea, betiere helburua euskararen babeste- eta sustatze-lana dela.

Testuak idazkera eguneratuan ematen dira; izan ere, 2016. urtean Euskaltzaindiaren Hiztegia argitaratu zuen Euskaltzaindiak, urtero bi alditan eguneratzen duena, eta 2018an, berriz, Euskara Batuaren Eskuliburua, jadanik bost aldiz eguneratu eta plazaratu duena. Beraz, egoki iritzi zaio Euskaltzaindiaren adierazpen guztiak batasunean ematea, irakurleak ezinegonik igar ez dezan, eta testuak garaiko moldean ikus ditzan. Testu bakoitzaren bukaeran dator non eta noiz argitaratu zen, batik bat, Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian plazaratutakoen kasuan eta argitara eman ez diren kasuetan, noiz onartuak izan diren eta zein artxibotan gordeak dauden.

Hitz batez esateko, argitalpen erabilgarri eta argigarri izatea nahiko luke Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak. Horretan jardun du eta badihardu, gaur egun ere, batzorde horrek. Asmo beretik dator batzorde honen osaera, Euskaltzaindiak aspalditik baititu barneraturik bere egituran Euskal Herriko lurralde guztietan dituen ordezkari instituzionalekin batera, bestelako adituak, euskararen, eta, oro har, eremu urriko hizkuntzen ardura eta kezka dituztenak.

Argitalpen honen xedea, beraz, argi dago: Euskaltzaindiaren ahotsa entzuna izatea, berari dagokion moduan, euskararen estatusa erabakigarri duten erakunde guztietan. Jokoan daude euskararen oraina eta geroa, eta horretan, zalantzarik ez izan, Euskaltzaindiak baditu hitza eta erabakimena.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper