Frantziako Estatu Kontseiluak eman duen iritziaz
Berrikitan, frantses gobernuak eskaturik, Estatu Kontseiluak eman dio bere iritzia: Frantziak ez diezaiokeela sinadura eman hizkuntza gutienik mintzatuen aldeko Eurogutunari, justizia eta administrazio esparruetan Konstituzioaren 2. artikuluaren kontra lihoakeelako, Errepublikaren hizkuntza frantsesa izanez.
Euskaltzaindiak deitoratzen du horrelako ikuspegi hertsi eta zaharkitua, eta, euskararen zaintzaile eta bultzatzaile bezala, errepikatzen du bere sortzeko 75. urte mugakari, 1994ko uztailaren 30ean, Biarritzeko Udaletxean aldarrikatu zuena: «Ikusirik Europako Parlamentuak eginiko gomendioa, euskara ofiziala dela Hegoaldean eta tresna egokia bihurtu dela gaurko gizartean, galdegiten dio frantses gobernuari euskarak ukan dezan Autonomia Erkidegoan duen koofizialtasun bera Iparraldeko hiru probintzietan».
Gainera, ikusiz, geroztik egin diren ikerketa zehatzek euskararekin Iparraldean zer gertatzen ari den erakutsi dutela, frantses gobernuak kontuan hartu behar luke alor horretan daukan erantzukizuna. Hortaz, Euskaltzaindiak gaur, bere hileroko bilkuran, aho batez, erabaki du, Europako erakundeei honen guztiaren berri ematea, egokiak diren neurriak har daitezen euskal hiztunen eskubideak bermatuak izateko.
Donostiako Udaletxean, 1997ko otsailaren 28an.
Euskera, XLII, 1997, 1+2, 191-192.