JAGONET galde-erantzunak

ahal izan

Galdera:

Oso esparru zabala duen aditza da, era ezberdinetan erabiltzen duguna, gainera. Guk forma arruntenak eta erabilienak zein diren jakin nahi dugu eta nork, norekin, noiz, zertarako eta abar kontuan hartuz egokitasunez erabiltzen irakatsi ere bai. Esate baterako, mendebaldean bultzatu behar ote dugu etortzen ahal zara forma?

Erantzuna:

Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuak dakarrena (420.-423. or.) gomendatuko nuke:

Ahal desirazkoa ("ez ahal da oinez etorriko!") / ahal ahalezkoa ("ez da oinez etortzen ahalko").

Ahalezko balioan, aditz laguntzaile guztiekin ager daiteke, beti ere aditz nagusiaren erregimenaren arabera: joaten ahal da, egiten ahal dugu, joan ahal naiteke, egin ahal dezake...

Eta ez dirudi, -kedun formetan, ahal erabiltzeak esanahia aldatzen duenik ("egin ahal dezake", "egin dezake").

Aspektuari dagokionez, aspektu burutua izan edo ukan partizipioen bidez adierazten da, aditz nagusia gehienetan partizipioa izanik (euskalki batzuetan aditz izena ere bai): aski goiz etorri ahal izan da, liburuak erosi ahal izan ditu, horri esker ikasten ahal izan dut munduaren berri...

Aspektu burutugabea, ahalek berak bakarrik adierazten du, aditz nagusia, euskalkien arabera, partizipioa edo aditz izena izanik: etorri ahal naiz, etortzen ahal naiz...

Geroaldia markatzeko, ostera, forma bat baino gehiago aurki daiteke; badirudi erabilienak, geroaldiaren marka ahali zuzenean erantsi, eta aditz nagusia -tu edo -t(z)en formak daramatenak direla: ikusi ahalko dugu, ikusten ahalko dugu... Nahiz geroaldiaren marka izan aditzari ere lot dakiokeen: ikusi ahal izango dugu.

Euskaltzaindiak ez du azterketa berezirik egin, ez araurik eman. Dena den, Gramatika batzordea ari da aditz "modal" hauen erabileraz arau-proposamena prestatzen, bai baitirudi gramatiketako forma horien artean, ez dutela guztiek pisu bera izan eta puntu batzuek (aditz nagusiaren aspektuari dagozkionak, edo geroaldiko forma nagusiak zein diren) hobeto aztertu beharrekoak direla.

Bestalde, ez dago bereziki bultzatu beharrik etortzen ahal zara; aski da jakitea/irakastea egitura hori zuzena dela euskaraz, erabil daitekeela eta, batez ere, Ekialdeko euskalkietakoa dela.

Data: 1999 - Erantzulea: EGLkoaz gainerakoa, Miren Azkarateren iritzia da
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper