Zein da hobestekoa: elkarrenganako maitasuna ala elkarrekiko maitasuna/gorrotoa/konfiantza?
Elkarrenganako maitasuna da hobestekoa; hain zuzen ere, horixe da euskal literatura-tradizioan gehien erabiltzen den egitura. Badira elkarrekiko maitasunaren adibideak ere, baina oso-oso gutxi.
Bestetik, -ganako gorrotoa edota -ren kontrako/aurkako gorrotoa dira hobestekoak; izan ere, -kiko gorrotoa duen adibiderik ez dugu aurkitu tradizioan.
Orobat konfiantzarekin ere: -ganako konfiantza da hobestekoa, askoz ere erabiliagoak baitira egitura hori edota konfiantza... -gan modukoak. Bestea gaitzetsi gabe, ordea; izan ere, -ki(la)ko konfiantza modukorik aurkitu ez dugun arren, badira horren oinarri izan daitezkeen egiturak: alegia, konfiantza... -kin/-gaz gisakoak.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "“Norenganako/norekiko” adieraztea: -ekiko (gurasoekiko errespetua / errespetua gurasoekiko)" (JAGONET), "Ustea/iritzia adieraztea: nirekiko / nire ustez" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak
Unitate-mota: hitzak > izenordainak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.