NOREKIKO, izenlaguna denez, beti izenaren aurrean jarri behar al da? Hau da, errespetu handia du gurasoekiko edo gurasoekiko erakusten duen errespetua bezalako egiturak okerrak al dira?
Ez dirudi -ekiko atzizkiak nahitaez izenlagun izan behar duenik; izan ere, badira galderan aipatutako adibideak bezalakoak (eta ez gutxi) euskararen literatura-tradizioan. Ez dago esaterik, beraz, galderako egitura horiek okerrak direnik.
Egia da Iparraldeko tradizioan -ekilako (alegia, -ekikoren baliokidea) izenlagun gisa erabiltzen dela beti eta ez duela adizlagun erabilerarik. Hegoaldeko tradizioan ere, esan bezala, adizlagun erabileraren lekukotasunak badiren arren, izenlagunarenak askoz ere ugariagoak dira: alegia, gurasoekiko errespetu handia du edo gurasoekiko harremanak hoztu egin dira aspaldion bezalakoak.
Ikus hauek ere: "Lexikoa: maitasuna, gorrotoa, konfiantza (elkarrenganako/elkarrekiko maitasuna/gorrotoa/konfiantza)" (JAGONET), "Ustea/iritzia adieraztea: nirekiko / nire ustez" (JAGONET).
Gehiago sakondu nahi izanez gero, jo "-ekiko atzizkia" (EBE) sarrerako Gehiago jakiteko ataleko bibliografiara.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak
Unitate-mota: hitzak > izenak, joskera > hitz-ordena, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.