Nola idatzi behar dira, adibidez, jo ezkero, igo ezkero, etorri ezkero, edan ezkero, hamarrak ezkero...? Eta nola idatzi eta ahoskatu behar da, adibidez, esan duzun ezkero?
Idazkerari dagokionez, erantzuna 26. arauak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko [EH:-z gero] eta [EH:ezkero] sarrerek ematen dute:
1) -(e)z gero kasu guztietan idatz daiteke, beti balio du:
a) Ezinbestean, aditzari loturik doanean, jokatugabea nahiz jokatua izan hura: joz gero, etorriz gero, egin duzunez gero…
b) Aukeran, orduekin eta denbora-postposizioekin: gaueko hamarrez gero, atzoz gero, sanferminez gero, Trentoko Kontzilioaz gero…
2) ezkero, erabiltzekotan, orduekin eta, oro har, denbora-postposizioekin erabili behar da: gaueko hamarrak ezkero, atzo ezkero, sanferminak ezkero, Trentoko Kontzilioa ezkero…
Galderako adibideak, hortaz, honela eman behar dira idazkera zuzenean: joz gero, igoz gero, etorriz gero, edanez gero, hamarrez gero / hamarrak ezkero.
Ahoskerari dagokionez, 87. arauaren (X. puntuan oinarri hartuta) esanetara:
a) egin duzunez gero gisakoek bi ahoskera onartzen dituzte: [duzunez gero / duzun ezkero]
b) ezkero forma, idatzi bezala ahoskatu behar da: [ezkero].
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: ahoskera, ortografia > grafiak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, karaktereak > letrak, perpausa > baldintza, perpausa > denbora, prosodia > silabak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.