Esaldi hau ondo al dago?: Gaur egun ezinbestekoa bihurtu da marka-irudia aztertzea? Ala Gaur egun ezinbesteko bihurtu da behar du?
Bietara erabil daiteke. Euskaltzaindiaren “Topiko(a) bihurtu” izeneko arauak [40. araua] dio predikatu osagarria izena denean hura mugagabean joango dela (Ura ardo bihurtu zuten), baina honako hau ere zehazten du: “(…) izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, etab. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan”: Emakumerik ederrena bihurtu zen. Hala berresten du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere [EH:bihurtu]. Kasu hori da galderakoa, ezinbesteko adjektiboa baita. Beraz, esan bezala, artikulurik gabe edo artikuluarekin erabil daiteke, baina inoiz ere ez *Gaur egun ezinbestekoan bihurtu da.
Modu horretara ──artikulurik gabe edo artikuluarekin── ulertu behar dira honelako egitura hauek ere: Hori halako(a)/beharrezko(a)/funtsezko(a)… BIHURTU/BILAKATU zaigu. Adibide gehiago: Haur hura gazte lerden(a) bilakatu zen. Gazte saiatu hura gizon jakintsu(a) bihurtu zen urteen joanarekin.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak > adjektiboak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.