Badakigu Emakume ederra bihurtu eta Emakume eder bihurtu bezalako esaldiak egokiak direla; baina badirudi Euskaltzaindiak ontzat ematen dituela Emakume eder bat bihurtu bezalakoak ere. Horrela al da?
40. arauaren testuan aipatzen diren adibideek nahasmena sortu dute, antza denez; izan ere, bat daramaten adibideak badaudela adierazi nahi izan da, baina inola ere ez forma horiek gomendatu. Bihurtu aditzaren predikatu-osagarria mugaturik ere erabili izan dela erakusteko zen, batik bat, adibide-sorta hori.
[EH:bihurtu] hiztegiak ondo mugatu du auzia: “Predikatu-osagarria, izen hutsa denean, artikulurik eta kasu-markarik gabe doa (Ura ardo bihurtu zen). Izen horrek izenondoak, izenlagunak edo kidekoak hartzen baditu, orduan artikulua darama askotan (Emakumerik ederrena bihurtu zen)”.
Ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: bihurtu (emakume eder bihurtu / emakume ederra bihurtu)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, morfologia > zenbatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > kalko baztergarriak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak > determinatzaileak, joskera > kalko baztergarriak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.