Era honetako esaldietan, zenbaitetan, NON/NOIZ eta ZEREZ/NOLA kasuak nahastu egiten dira, baina aldea dago bien artean: NON/NOIZ kasuak modu edo denbora zehatza, jakina adierazten du (beraz, mugatua izan behar du); ZEREZ/NOLA kasuak, aldiz, ez du batere zehaztasunik markatzen, eta, beraz, mugagabean behar du.
Ondo daude mugagabe hauek (inespezifikoak baitira; alegia, ez dute ezer mugatzen): gauez etorri, trenez ibili, latinez mintzatu, garaiz ibili, hegazkinez joan...
Beste hauek, ordea, une edo modu zehatz, jakin, konkretu bat adierazi nahi dutenez (espezifikoak dira), inesibo mugatuan joan behar dute:
*Gaur gauez etorriko naiz (> Gaur gauean etorriko naiz).
*Euskara batuz hitz egin dute (> Euskara batuan hitz egin dute) (≠ Euskara batuaz hitz egin dute [(zerez/zertaz)].
*Zazpietako trenez etorri dira (> Zazpietako trenean etorri dira).
*Datorren astez egingo dugu (> Datorren astean egingo dugu).
*Astelehen goizez etxean egiten du lan (> Astelehen-goizetan etxean egiten du lan).
*Enpresako autoz joan naiz bisitan (> Enpresako autoan joan naiz bisitan).
Hartara, bi esaldiok ere aldea dute: goizez lan egin du ≠ goizean lan egin du. Adibidez: Txandaka lan egiten du, eta aste honetan goizez lan egin du. Saroik goizean lan egin du gaur, eta arratsaldean hondartzara joan da.
Arestian aipaturiko arrazoiengatik, inesibo (NON kasu) mugatuan erabili izan dira asteko egunen izenak eta hilen izenak tradizioan (astelehenean, martxoan, abuztuan...).
EUSKALTZAINDIA (1994). Gramatika batzordea, «Okerrak zuzenduz», Euskera 39, 3 (916-919).
EUSKALTZAINDIA. “Denbora adieraztea: goizez/goizean (goizez lan egitea / goizean lan egitea; astelehen goizean / *astelehen goizez)”, Jagonet galde-erantzunak.