zenbatzaileak eta nolakotasuna (-ko/-tako: hiru kiloko haurra / lau hankako mahaia)

zenbatzaileak eta nolakotasuna (-ko/-tako: hiru kiloko haurra / lau hankako mahaia)

NOLAKOTASUNA adierazteko formak 34. arauan daude arauturik (“Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia”). Izenlagunak eratzen dituzten -ko eta -tako atzizkien arteko aukeran, -ko mugatu singularra dago hobetsita batasunerako.

 

NOLAKO galderari erantzuten dioten gisa honetako sintagmak dira batzuk: buru argiko neska, adineko pertsona, hiru hankako mahaia, bost orriko txostena, lau laguneko taldea, ondo egin beharreko lana, neurri txikiko oinetakoak, fede apurreko jendea, hainbat adierako hitza, etab.

 

<Zenbatzailea + izena (‘adina, prezioa, neurria, pisua...’ adierakoa) + -(ta)ko> izenlagun-egitura dute beste batzuek. Horietan ere -ko mugatu singularra dago hobetsita. Arrazoia: NOLAKO eta ZENBATEKO baliokideak dira horretakoetan. Zenbakiak neurri-unitate baten (urte, euro, metro, segundo...) biderkatzea baino ez du adierazten.

—Zenbat urteko umea? —Bi urteko umea. *—Zenbat urtetako umea?

—Zenbat kilometroko bidea? —Hiru kilometroko bidea

Bide beretik: bost euroko aldizkaria, hamar metroko etxea, bost zentimetroko altuera, zazpi segundoko isilunea.

 

Zenbaitetan, -ko/-tako bikoteaz baliatzea ezinbestekoa izan dezakegu bereizketak egiteko: zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu), zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da) eta zazpi urteetako ardoa (aldez aurretik ezagutzen ditugun zazpi urte diferenteetan zehar bilduriko ardoa).

Molde horretako diferentzia dago hauetan ere: zulo askoko harriak (‘zulo asko dutenak’) ≠ zulo askotako harriak (‘toki askotako harriak’).

 

Bestalde, -tako erabili beharrekoa izan daiteke zenbaitetan; halaxe gertatzen da neurri-unitaterik (kilometro, metro, segundo, urte, aste, euro...) ez dagoenean. Horrelakoetan, NONGO (NOIZKO) galderari erantzuten diote, ez NOLAKOri (zenbatekori), eta zenbatzailea daramatenez, mugagabea dagokie: Hiru etxetako haurrak etorri zaizkit. Zortzi gelatako ikasleak joan dira txangora. Bost igandetako abenturak jaso ditu bere eleberrian. Lau nobelatako gaia.

 

NONGO adiera dute mota, era, sail, neurri eta kategoria izenek ere. Adibidez, ‘neurri batekoak eta beste neurri batekoak’ beti ‘bi neurritakoak ‘ dira. Beraz, -tako dagokie honelakoei:

*bi motako ondorioak (>bi motatako ondorioak)

*bost erako probak (>bost eratako probak)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (201. or. eta hur.).

— “Lexikoa: euroa”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: zenbat ordu (zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazkoak (bost minutuan/minututan; zortzi urte hauetan/honetan; bost kilometrora/kilometrotara) ”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Espazioa adieraztea: -ra/-tara (hiru kilometrora / hiru kilometrotara)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazko kasuak (zenbat denborako/denboratako?; zenbat kilometrora/kilometrotara?; zenbat egunean/egunetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: egun, urte (handik hiru urtera/urtetara; lau egunean/egunetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: -an/-tan (hiru egunean/egunetan), -ra/-tara (bost urtera / bost urtetara)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: euro, litro, ehuneko (eurotan, litrotan, ehunekotan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: urte (hiru urtean / hiru urtetan / hiru urteetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (111-112, 169-171).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (71-72).

MUJIKA Alfontso (2010). ““ZENBAT EUROAN” / “ZENBAT EUROTAN” / “25 GRADUAN” / “25 GRADUTAN”. ». Noiz erabili mugatu singularra sintagma zenbatzailedunetan”. http://www.eizie.eus/Argitalpenak/2tzul/noiz-erabili-mugatu-singularra-sintagma-zenbatzailedunetan.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (85-88, 222-223).

EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-etan: erabilera okerra", Ehulkuren aholku guztiak.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper