3 emaitza bilaketarentzat
Zuzenak al dira horrez gain, horrezaz gain eta horretaz gain egiturak? Hirurak?
Etarekin elkartutako izen-sintagmetan noiz ken diezaiokegu lehenengo parteari kasu-atzizkia? Noiz ez? Zergatik?
1.) Juntagailuei buruzko gomendioen artean, hau agintzen zen: "ez da onartzen lehen juntagaia kasu-markarik gabeko izen-sintagma izatea eta bigarrena kasu markaduna izatea". Hori dela eta, lehenik jakin nahi genuke gomendio-erabaki horrek ere indarra ote duen juntagaiak bi baino gehiago direnean. Alegia, nola idatzi behar genuke: Toki Entitateen Antolakuntzari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Legea ala Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko Legea?
2.) Delako arauak, bertzalde, juntagaia izena + adjektiboa + adjektiboa denean ere balio du? Erran nahi baita: Sección de Gestión Técnica y Administrativa izenekoa zer da, Kudeaketa Tekniko eta Administratiborako Atala ala Kudeaketa Teknikorako eta Administratiborako Atala?
3.) Araua betetzeak, bertzalde, arazoak sortzen dizkigu izenlagunak elkarren ondoan pilatu behar ditugunean; izan ere, testuak ilun samarturik gelditzen baitzaizkigu. Konparazione, emandako arauari jarraituz: Langileriaren Kudeaketarako eta Administraziorako Atala berdin izan daiteke: Sección de Gestión de Personal y Administración edo Sección de Gestión y Administración de Personal. Aldiz, Langileriaren Kudeaketa eta Administraziorako Atalak zilegia balitz, ordain bakarra izanen luke erdaraz: Sección de Gestión y Administración de Personal.
4.) Berdintsu gertatzen da kasu honetan: Segurtasuneko Ikerketaren eta Ikasketen Atala. Hala behar luke, behintzat, Euskaltzaindiaren azken erabakien ariora. Alabaina, nola jakin kasu horretan segurtasuneko hori ikerketari soilik dagokion ala ikasketei ere? Modu bakarra erdarazko izenari begiratzea da: Sección de Estudios de Seguridad y Formación.
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.