Kokapena:
23.2.2.7a Aditzen balentziak aztertzean behin baino gehiagotan aipatu ditugu balentzia alternantziak. Laguntzaile mota batekin baino gehiagorekin ager daiteke aditz bat eta, horren arabera, egiturazko kasuak ere aldatu egingo dira.
23.2.2.7b Alternantzia horietako batzuk denboran zehar sortuak dira (diakronian): jarraitu natzaio > jarraitu diot; (horren) eskatu zaio > (hori) eskatu dio. Beste batzuk garai bereko hizkeren artean (sinkronian): afaldu naiz/dut, jardun dut/naiz, dantzatu gara/dugu, irten naiz/dut. Hiztegiek jasotzen dute aditz bakoitzaren erregimena eta gerta daitezkeen alternantziak.
23.2.2.7c Aditz intrantsitibo datibodunak aztertzean esan bezala (§ 23.2.2.4h), Euskaltzaindiak ere arautu ditu aditz batzuek, euskalkien arabera, balentzia desberdinak dituztenak; zehazki, gonbidatu, iguriki, itxaron, itxoin, deitu eta lagundu aditzen erregimena.
Ikus Euskaltzaindiaren 39. araua: “Zenbait aditzen erregimena”, Donostian, 1995eko uztailaren 28an onartua.
23.2.2.7d Laguntzaile intrantsitiboaren eta trantsitiboaren arteko alternantziak (da/du) inkoatibo/kausatibo alternantzia ematen du aditzera sarri: poztu da / poztu du.
Beste batzuetan paper tematiko bera egiturazko kasu batez edo bestez adierazteak dakar alternantzia: damutu zaio / damutu da; gogoratu da / gogoratu zaio.
Balentzia alternantzia gertatu arren, subjektuak adierazten du esperimentatzailea gogoratu da / gogoratu du, bikotean.
23.2.2.7e Ohikoa da du/dio alternantzia, aditz trantsitibo askok aukeran baitute datiboa ere hartzea (esan du / esan dio). Halaber, da/zaio alternantzia (joan da / joan zaio).
23.2.2.7f Balentzia alternantziak (da/zaio/du) inpertsonala/subjektu jakinekoa (egiturazko kasu batean zein bestean) isla dezake: zilegi da / zilegi du / zilegi zaio.
Inpertsonala/subjektu jakineko egitura dakar du/dut alternantziak merezi izan predikatuaren kasuan.
Esan bezala, hiztegiak ematen du aditz bakoitzak nolako balentzia alternantziak izan ditzakeen.