22.3.2a Adberbio batzuek zirkunstantzia bat adierazten dute, nondik norako zerbait, noiz, non… gertatzen den markoa ezartzen dute: Giltzak galdu zaizkit… hemen; Autoa erosi nuen… atzo. Holakoak dira: atzo, gaur, hemen, bihar, etzi, aurten, goizik, berant, eta horien gisakoak.
Leku eta denbora markatzen duten adberbio hauei maiz eransten zaie ondotik aposizio bat, esanahia indartu edo zehatzagotu egiten duena: hor goian, bart arratsean, hemen berean, hor bertan, han nonbait, lehen garai batean eta abar.
22.3.2b Beste adberbio batzuek aditzari nozioren bat eransten diote, modua edo maila (zenbatekoa) adierazten dutenak. Horiek lotura estuago adierazten dute aditzarekin, aditzari berari, nolabait esateko, laguntzen baitiote: Mikel benetan mintzatu zen; Ama oso haserretu da; Denak ongi iritsi dira eta abar.
Sail honetakoak dira aditzaren, adjektiboaren edo adberbioaren maila adierazten duten maila adberbioak ere: aski polita, arras laburra, berandu asko etorri eta abar.
22.3.2c Azkenik, beste adberbio batzuk hiztunak duen jarrera adierazteko erabiltzen ditugu: agian, beharbada, itxuraz, nonbait…
Sarritan, zernahi gisaz, moduzko adberbioa perpausetik kanpora bezala gertatzen da, perpaus osoaren modifikatzaile, eta hiztunak esaldiari buruz duen jarrera agertzen du: Zoritxarrez, langabezia handituz doa. Kasu hauetan, askotan, adberbioa eten edo pausa batez bereizten da esalditik.
22.3.2d Jakina, ez dira horiek egin daitezkeen sailkapen bakarrak. Bestelako irizpide batzuk hartuko bagenitu, sailkapena ere desberdina izango litzateke. Hori dela eta, galdetzaileak har ditzakegu batetik (noiz, nola, zenbat…), erakusleak (hemen, hor, han, honela, hain…), zehaztugabeak (edonon, nolabait, noiznahi…), esate baterako. Ez dirudi, hala ere, irizpideak nahasian erabiltzea egokia denik. Hori dela eta, sailkapen semantiko ohikoagoa izango dugu kontuan, eta horretan egokituko ditugu adberbioak. Horrek esan nahi du noiz, adibidez, galdetzailea izanik ere, denbora adberbioetan agertuko dela, eta non, berriz, leku adberbioetan. Segidan ikusiko dira, hortaz, adberbio mota hauek: