Kokapena:
Adierari dagokionez, PSak beste bi multzo bereizitan bana ditzakegu: leku/denborazkoak batetik, eta leku/denborazkoak ez direnak bestetik (20. eta 21. kapituluetan aztertzen dira).
Leku/denborazko postposizioetan -tik ablatiboa (liburu honetatik) (§ 20.2), -n inesiboa (liburu honetan) (§ 20.1) eta -ra adlatiboa (liburu honetara) (§ 20.3) dira oinarrizkoak. Hauetatik eratorriak dirateke: -raino (< -ra-ino) (herri honetaraino); -rantz (< -ra-(a)ntz) (herri hartarantz); -(ra)ko (egun honetarako).
Leku/denborazko ez direnen artean -z instrumentala (pazientzia-z, ni-ta-z…) (§ 21.6), eta beste honako postposizio konplexu hauek jasoko ditugu: -(en)gatik kausazkoa (zu-re-gatik) (§ 21.3); -(r)e)kin konpainiazkoa (gu-re-kin) (§ 21.2); -(r)en)tzat helburuzkoa (txakurr-en-tzat) (§ 21.4).
Bereizketa hau postposizio itsatsietan ez ezik (etxea-n, etxe-tik, etxea-(ren)gatik, plaza berri-ra, igandea-n, ostegun-e-tik…), postposizio askeetan ere gertatzen da: etxearen aurrean, egun horren ondoren… leku/denborazkoetan, eta baita leku/denborazko ez direnetan ere: herriaren alde, gure bitartez, gobernuaren erruz… Ohiko adberbioen gainean eraikitako PSetan ere bai: hemen, hor, han, gero, gaur, atzo… leku/denborazko adberbioak dira; biziki, egiaz, zinez, guztiz, ongi, gaizki… ez (§ 22.4, § 22.5).