7.2.1a Hemendik aurrera aztertuko diren izen kategoriako elkartuak mendekotasunezko elkartuak dira; hau da, osagaietako bat da nagusia, izen elkartuaren kategoria, azpikategoria eta oinarrizko esanahia ematen duena. Besteak modifikatu, mugatu egiten du osagai nagusi hori; edo, osagai nagusi horren osagarria adierazten du. Mugakizun deitu diogu euskaraz eskuinean ematen dugun osagai nagusiari, eta mugatzaile ezkerrekoari. Bi motatako harremana izan daiteke mugakizunaren eta mugatzailearen artekoa: modifikatzaile-buru harremana izango da gehienetan, baina zenbaitetan osagarri-buru harremana izango dugu, mugakizuna osagarri egitura duen izena denean (§ 3.3b).
7.2.1b Hitz elkarketa baliabide indartsua bada, are indartsuago da mendekotasunezko izen elkartuak sortzeko baliabidea; Euskaltzaindiak esan bezala (25. araua), horrelako ehunka eta ehunka sortu ditu euskarak azken hamarkadetan, terminologia beharrei erantzuteko askotan: “Erdal izen-konplementazio askoren ordaina, esate baterako, horrela ematen du euskarak: guraso-elkarte, telefono-zenbaki, garapen-maila, zerga-biltzaile”. Izan ere, ‘etiketak’ jartzeko baliatu ohi dira izen elkartuak, objektu, leku, baliabide, garai, gaixotasun, sentimendu… eta abarri izena emateko.
Zehazkiago esanda, hizkuntza gehienek ez dituzte berek sortzen terminoak, besteren batek sortutako terminoa egokitu baino ez du egiten. Baina horretan ere indar handiko baliabidea da hitz elkarketa. Eta ez orain bakarrik. Berpizkunde garaiko testuak hartuko bagenitu, Eguna egunkariko testuak hustu, lehen Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialeko terminoak aztertu, edo Orotariko Euskal Hiztegia eta horren atzean dagoen corpusa osatzera etorri diren administrazio- eta lege-testuak arakatu, berehala jabetuko ginateke zenbat eta zenbat izen elkartu dagoen hor, hemen aztertuko ditugunen egitura dutenak; adibide gutxi batzuk ematearren: auzi-sari, diru-etxe, diru-sarrera, herri-ogasun, lan-bazkide, lan-legedi, lege-hausle, lege-adin, ogasun-paper edo zigortze-legedi.
7.2.1c Hain ugariak izanik mendekotasunezko izen elkartuak, azpisailak egin dituzte gramatikariek bai euskaraz eta bai beste hizkuntza askotan ere. Horretarako, osagaien morfologia izan dute kontuan eta, horren arabera, hiru azpisail bereizi ditugu euskaraz: izen + izen egiturako hitz elkartuak, aditzoin + izen egiturakoak, eta izen + aditzetik eratorritako izen egiturakoak (hau da, iz[aditzoina + -le, -tzaile, -era, -keta, -kuntza, -pen, -tze]iz mugakizun dutenak). Hiru horiek dira, funtsean, azpisail nagusiak. Horien inguruan emango ditugu Euskaltzaindiaren Hitz-Elkarketa/4 (1992) sailkapeneko hainbat eta hainbat hitz elkartu.