Kokapena:
Lemari dagokionez, aldaerarik zaharrena -zu izan arren (Mitxelena 1977b), zalantzarik gabe izenondo berriak sortzeko aspaldidanik -tsu da baliatzen duguna.
Mota askotako izenei erants diezaiokegu -tsu atzizkia, izen abstraktuei (adore, borondate, kemen…), izen zenbakaitzei (ke, koipe, ur), izen zenbakarriei (harri, mendi, zorri…); baina nekez izango dira oinarri izen multzokariak (?armadatsu, ?familiatsu, § 12.3.3). Adjektibo eratorriei ‘ugari’ esanahia ematen die -tsu atzizkiak; hau da, oinarri den izenak adierazten duena ugari duen izenaz predikatzen diren adjektiboak sortzen ditu. Paraje menditsu ‘mendi ugari dagoen parajea’ da, pertsona adoretsu ‘adore handiko pertsona’, udare urtsu ‘ur ugari duen udarea’, gai garrantzitsu ‘garrantzi handiko gaia’, etab.
abegitsu, adimentsu, adoretsu, ahaltsu, aldapatsu, arantzatsu, Arantzazu, arduratsu, arriskutsu, behartsu, berritsu, bizartsu, borondatetsu, boteretsu, bulartsu, burutsu, egitekotsu, euritsu, eztitsu, garrantzitsu, haizetsu, harritsu, herratsu, iletsu, indartsu, itzaltsu, kementsu, ketsu, koipetsu, koleratsu, menditsu, mukizu, odoltsu, osasuntsu, ospetsu, pozoitsu, sutsu, zaporetsu, zorritsu…
Iparraldeko testuetan aurkituko ditugu jatorriz erromantzea den atzizki honekin sorturiko adjektiboak; zalantza egin dezakegu egiazko eratorriak ote diren, ala mailegu egokituak. Nolanahi ere, Villasantek (1974) edo Lafittek (1944) jaso duten atzizkia da: abarizios, apetitos, balios, biktorios, desiros, golos, gutizios, hiros, lorios, malizios, mendekos, miserikordios, nekos, penos, perilos… Baldin desiros bazarete ohorearen zelai eder eta zabaletan pasaietan ibiltzera (Etxeberri Sarakoa); Presuna hirosak, erreak eta haserrekorrak (Axular); Eta auzoko jende abarizios zikoitz batzuek (Barbier). Ez ditu horiek guztiak jaso Euskaltzaindiaren Hiztegiak (oraingoz behintzat) eta, jaso dituenetatik batzuek (abarizios, miserikordios) Zah. marka daramate.
-oso aldaera ere badugu, Hegoaldeko testuetan: apetoso, bakeoso, galanioso, lainezoso, malizioso, nekoso. Mutil malizioso deabruz betia (Txirrita); Ume lainezoso, galanioso, apetoso patetiko batzuk, besterik ez (J. A. Arrieta). Adjektibo horietatik hiru baino ez ditu bildu Euskaltzaindiaren Hiztegiak —bakeoso, lainezoso, nekoso—; Beh. marka eman die lehen biei, eta lagunarteko formatzat (Lgart.) hartu du hirugarrena.