2023ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, epaimahaikideekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Enrique Dávila BBK Fundazioaren ordezkariak parte hartu dute.
Andres Urrutiak irabazleak zoriondu nahi izan ditu Bilboko Plaza Barrian izan den agerpenean, eta euskarazko literaturaren mesedetan jarduteko eskatu die: “Zuek zarete euskal literaturaren etorkizuna, eta, ondorioz, euskararena berarena ere bai. Eutsi zuen hizkuntzari eta eutsi sormenari”.
Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak:
- A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.
- B mailan: Amaia Jauregizar, Castillo Suárez eta Patxi Zubizarreta.
Epaileek iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dira 2023an, eta azpimarratu dute saritutako idatzietan gai originalak jorratzen dituztela gazteek, gogoeta sakonak eta interesgarriak proposatuz. Gainera, aitortu dute testu “landuak” eta “erritmo bizikoak” irakurri dituztela.
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Horma. Egilea: Harriet Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
(Epaileen iritzia: “Narrazioaren protagonistak horma artean dagoela esaten du, baina apurka-apurka baino ez dugu jakingo ze horma diren inguratzen eta lotzen dutenak. Zergatia ere tantaka azaltzen joango da, intriga moduko bat sortuz. Tartean hilketa kasu bat dago, sinetsi ezina ia-ia. Horren ondorioak ere modu berezian emanda daude. Narrazio heldua eta nahiko biribila iritzi diogu testuari. Ipuin klasikoaren mekanismoak bikain baliatu ditu irakurlea ustekabeko amaierara eramateko”).
- Bigarren saria: Erantzun baten bila. Egilea: Arhane Martinez (Zubi Zaharra ikastola, Balmaseda - Bizkaia).
- Hirugarren saria: Izpien dantzaldia. Egilea: Aitor Collado (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria - Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Hiria neguan. Egilea: Ibai Maquibar (Herri arte eskola, Errenteria - Gipuzkoa).
(Epaileen iritzia: “Testu landua, heldua dugu esku artean. Neguak kolore berezia dakar, hotza dakar, are gehiago eskalearentzat. Hala ere bigarren aukera aipatzen da testuan aurrera egiteko indargarritzat. Konparazioak, erritmoa, testuaren luze-laburra… dena doa norabide berean, sentsazioak metatuz”).
- Bigarren saria: Maindire kuttuna. Egilea: Liher Larrea (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Ispilu. Egilea: Intza Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Itaxura. Egilea: Josu Arrieta (Lekaroz BHI, Lekaroz – Nafarroa).
(Epaileen iritzia: “Fineziaz eta naturarekiko konparazio ederrez egindako kontakizun honek tratu txarren gaia dakarkigu, baina estiloan du bereizgarri aparta, topikokerietatik urrun betiere. Gure gizarteko gai latzetako bat gordintasunez bezainbeste poetikotasunez itzultzen dio irakurleari, pentsa dezan, hunki dadin”).
- Bigarren saria: Hotzikara. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Askatasun zorabioa. Egilea: Eneko Garcia (J.M. Iparragirre BHI, Urretxu – Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Garbiketa sakona. Egilea: Naiara Gutierrez (Minas BHI, Barakaldo – Bizkaia).
(Epaileen iritzia: “Askotariko poema bilduma bat da, egunerokotasunari ertzetarik begiratzen diona. Errealitateak dakartzan kontraesanak agerian uzte ditu, minez zein ironiaz. Poetikotasun handiko poemak dira, hari ikusezin batez baina, aldi berean, nortasun nabarmenez lotuak”).
- Bigarren saria: Biluzten nauzunean. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Aske. Egilea: Elaia Garcia (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz – Gipuzkoa).
Idazle, kazetari eta bertsolariak
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2023)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014(75) / 2015 (88) / 2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463) / 2023 (374)