Iaz, Lekeition estreinatu zen Irailekoak poesia-jaialdia eta aurten Lapurdira egingo du bidaia, hain zuzen, Itsasura. Euskaltzaindiak egun eta erdiko egitasmoa hauspotuko du, Itsasuko Herriko Etxearekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean. Hortaz, irailaren 28an –egun osoz– eta 29an –goizez–izanen da Irailekoak festibalaren bigarren aldia.
Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako bigarren asteburua antolatzea deliberatu du, iazko helburuei jarraikiz. Horrela, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira egun eta erdiko jaialdian.
Poesia-jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi da, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskararen Akademiak.
Jarduera gehigarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Aldizkaria jaialdian parte-hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da.