Jakina denez, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean dihardu Mintzolak 2022. urtetik. Honela, azken bi urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Deialdietan, hizkeraren adierazkortasuna da lehentasunezko ikerketa-lerroa.
Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zortzi gradu- eta master-amaierako lan sarituko dira (bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda); bigarrenean, aldiz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.
Gradu- eta master-amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkeztu daitezkeen egitasmoak 2023-2024 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bidali beharko dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 30era artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2024ko irailaren 30a baino lehen).
Ikerketa-lanei dagokionez, deialdi honetan ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 31ra artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2025eko otsailaren 28a baino lehen).
- Jakingarri guztiak atari honetan: www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/
- Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira: mintzola@euskaltzaindia.eus
Iazko sarituen zerrenda
- Beasaingo gazte-hizkera aztergai / Maddi Aiestaran (GRAL 2023)
- Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz / Ainhoa Leyaristi (MAL 2023)
- Iruñerriko gazteen hizkera / Audrey Serrano (MAL 2023)
- Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian / Endika Uriarte (MAL 2023)
- Aldude-Urepeleko mintzoa / Oier Urreizti (MAL 2023)
- Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran / Alazne Fernandez de Muniain (MAL 2023)
- Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak / Iñigo Otaegi eta Jon Basauri (MAL 2023)
- Kode-alternantziaren erabilera eta jarrerak euskaldunengan / Mikel Pérez (Ikerketa-lan monografikoa 2023)
Lanen PDFak ikusgai daude HEMEN eta HEMEN
Zer da Mintzola?
2022ko urtarriletik, eta askotariko eragileen babesa tarteko dela, Euskaltzaindiak abian dauka Mintzola egitasmoa. Egitasmoaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. Honela, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jarduten du Mintzolak.
Informazio guztia hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/mintzola