Euskara Ezkabarten: paperetik ahora erakusketa bihartik aurrera eta otsailaren 2ra arte izanen da ikusgai Uharteko Kultura Etxean. Ezkabarteko ibarra Iruñerriko bilakaera soziolinguistikoaren adibide ederra da eta erakusketa honek argi erakusten du, batetik, euskara eta Iruñerria eskutik doazela eta, bestetik, idatzizko hizkuntza ere bazela, etxerako soilik balio zuelako ideia hori bazterturik. Sorauren, Makirriain, Arre eta Zildozko mota anitzetako testuak jasotzeaz gain, erakusketak gaur egun galdutako hainbat testu erakutsi eta azaltzen ditu, Orrioko Dantzen kontrako ediktua, esaterako. Era horretara, etxeetan topatzen diren dokumentu zaharrak kontserbatu eta aztertzeko sentsibilizazioa bultzatu nahi du erakusketak, hori dena gabe, dokumentuak betiko galtzeko arriskua baitago.
Erakusketaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00-21:00
Bisita gidatua eta bertso-saioa
Erakusketaren edukiari buruzko bertso-saio berezia Saioa Alkaiza eta Julio Sotoren eskutik. Dokumentuen ikerketaz arduratu den Ekaitz Santazilia filologoak emanen die oina eta Nafarroako txapelketako bi finalistek gaur egungo bisitariaren tokitik erantzunen diote, testu zahar eta ez hain zahar hauek nondik begiratzen diren ere garrantzitsua dela azaltzeko. Sarrera librea aurretiaz izena emanda 948 333 582 telefonoan edo cultura@huarte.es e-posta helbidean.