Euskara Ezkabarten, paperetik ahora erakusketa pasa den ostiraletik aurrera eta azaroaren 25era arte izanen da ikusgai Arreko gizarte-etxean. Erakusketaren inaugurazioa izan da Jose Manuel Urtasunen jaiotzaren 250. urteurreneko programazioaren lehen ekitaldia, eta azaroaren 26an Urtasun-Lakidain anaiei eginen zaien omenaldian, Zildozko kontzeju etxera eramanen dute.
Ezkabarteko ibarra euskalduna izan da eta gaur egun ere halakoxea da. Erakusketa honetan, euskarak, Ezkabarteko mintzoak zehazki, ibarrean izan duen presentzia ezagutzeko aukera emanen dio bisitariari, historian zehar utzi dizkigun lekukotasunen bidez.
Erakusketaren ordutegia: ostiraletan 17:30 – 20:00 eta larunbat eta igandeetan 12:00 -14:00 / 17:30 – 20:00
Jose Manuel Urtasunen jaiotzaren 250. urteurrena
Zildozko Perutxenean sortutako Jose Manuel eta Juan Manuel Urtasun Lakidain anaiak euskal prediku egile oparoak izan ziren. Urteurren honetan, idazle haiei, beren sortetxeari eta Zildozko herria omentzeko jardunaldi hau antolatu da. Omenaldi ekitaldia Zildozko elizan izanen da, azaroaren 26an, 12:00etan (sarrera librea, aretoa bete arte).