2022an, Nafarroako gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna aztertzeko mintegia antolatu zuten Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Gaztetxoek euskara egunerokoan erabil dezaten, eskola eta ikastoletan lantzen ari diren bide berriak aztertu ziren, baita aisialdian dauden baliabideak ere. Orain, Euskararen Akademiak mintegian parte hartu zutenen iritzi eta esperientziak argitalpen batean bildu ditu. Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko burua izan da argitalpenaren paratzailea.
Dena den, Nafarroako gaztetxoen arteko ahozko jarduna baino ikuspegi orokorragoa ematen da argitalpen honetan, antzeko arazoa baita Euskal Herri guzian. Hortaz, aditu eta arituen iritziak eta gogoetak jaso dira, oso ikuspegi eta abiapuntu diferenteetatik eginak. Aditu gisa egin nahi edo egiten ari diren proposamenen eta proiektuen berri eman digutenak; euskararen normalizazioan ahozko jardunak duen garrantziaz gogoeta egin dutenak; irakaskuntzan nola heltzen dioten arlo honi eta zer planteamendu egiten duten adierazi digutenak. Baita eskolaz kanpo zer ekimen sustatzen diren azaldu digutenak ere, hain zuzen, ikastola eta eskoletan euskaldundu diren haurrek eta gazteek euskarazko sarea izan dezaten egiten diren ahaleginen berri eman digute.
2022ko irailean, Iruñeko Kondestablearen jauregian egin zen jardunaldian honako hauek parte hartu zuten: Yolanda Olasagarre (EIBZko irakaslea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalean); Helena Baraibar (Nafarroako Ikastolen Elkartea); Yolanda Arrieta (idazlea, irakaslea); Roberto Gomez Zorrilla (Ardoi Pilota Eskola); Esther Lakasta (Dindaia Fundazioa); Leire Barberena (Nafarroako Bertsozale Elkartea); Ander Barandiaran (Topagunea); eta Iturrama institutuko ikasleak.