Zortzi-hamabi urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna indartzeko aukerak eta bide berriak landu zituzten joan den irailaren 28an Iruñean, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolaturiko mintegian. Laurogei lagun inguru bildu ziren Kondestablearen Jauregian. Hezkuntza, aisialdi eta euskalgintza alorreko teknikari eta profesionalak nafar gazteekin batera elkarlanean aritu ziren, errealitatea zein den ezagutu eta ahozko erabilera indartzeko martxan jar daitezkeen ekimenak irudikatzeko.
Sagrario Aleman euskaltzain osoak galdera batekin zabaldu zuen mintegia: “Gazteak hasieran euskaraz hasten dira eta hazi heinean erdarara pasatzen dira. Etsia hartu behar al dugu?”. Galdera horri erantzunez, Enrike Diez de Ultzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko lehendakariak azpimarratu zuen haur eta gazteen arteko euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eskaintzea premiazko zeregina dela.
Euskarabideako zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik euskararen ezagutzaren inguruko datuak gogoratu zituen sarrera hitzaldian. Izan ere, azken urteotan ezagutzak nabarmen egin du gora Nafarroan eta lau gaztetik bat euskalduna da, baina euskaraz komunikatzeko erraztasuna lehen handiagoa zen orain baino. Bere esanetan, “gaitasun erlatiboan aldaketak ematen ari dira, haien profila aldatu baita, gehienek euskara ez dutelako etxean jasotzen, baizik eta eskolan”.
Horrexegatik, hezkuntza gaietan sakondu zuten lehenengo saioan. Helena Baraibar Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak D eredua indartu beharra dagoela nabarmendu zuen. Bere esanetan, “indartzea hizkuntzen trataera integrala ematea da; ez da hizkuntza guztiei trataera bera ematea. Gizarte, natur zientzia, matematika... Arlo guztietako irakasleak dira hizkuntza irakasle".
Edukiak garatzearekin batera, euskara gehiago eta hobeto egiten erakutsi behar dute. Horretan ari gara orain ikastoletan”. Baraibarrek gaineratu zuen moduan, “euskararekiko sentikortasuna indartu behar da ikastetxeetan, euskara erdigunean duen ekosistema koherentea sortuz eta elikatuz”.
Ildo horretatik, Yolanda Olasagarre, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko euskara teknikaria, ikastetxearen hizkuntza-plangintza lantzearen alde azaldu zen. "Ikasle askok barne-gatazka sentitzen dute, nahi dute euskaraz egin, baina ezin dute. Ahalduntzeko baliabideak eman behar dizkiegu. Horregatik beharrezkotzat jotzen du ahozkotasuna lantzea eta programaziotan txertatzea. Ahozkoa modu sistematikoan landu behar da, eta horretarako irakasleek baliabideak eta prestakuntza behar dituzte. Ikasleen ahozkotasuna lantzeko, irakasleen prestakuntza eskaintzen ari gara. Motibazioa lantzeko baliabideak ere sortzen ari gara".
Horiek horrela, bertaratutako gazteen esperientzia eta iritzia entzuteko aukera izan zen Kondestablearen Jauregian. Iruñeko Iturrama institutuko Xabier Olanok, Amagoia Nuinek eta Uxune Camposek egunerokoan dituzten oztopo, ezin eta aukerak aditzera eman zituzten.
Euskara ahora eramateko dekalogoa
Sorkuntza, euskara eta hezkuntza lotu zituen bere hitzaldian Yolanda Arrieta idazleak. Erabileran gainbehera handia nabaritu du berak azken urteotan, ez bakarrik ahozkotasunean. Sortzaileak azaldu zuenez, "Ni-a ―bakoitzak barruan daraman berezko hori―ahuldu egin da, gune eta hari afektiboak ere solte dira eta, ondorioz, harremanak ere ahuldu dira. Horregatik, hutsuneak antzeman eta hortik hastea da nire ideia. Goazen ahulguneak lantzera, goazen ahulgune horiek elikatzeko euskararekin proposamen berriak egitera”.
Bide horretatik, Hitza ahoz hasten, hezten eta hazten da euskara ahora eramateko dekalogoa aurkeztu zuen mintegian. Proposamena egiteko, batik bat haurren afektibitatean jarri du arreta, bere iritziz hari afektiboak eten egin baitira gure gizartean. Sortzaileak dioenez, gaztetxoen inguruan mugitzen diren bitartekari helduek (irakasleek, hezitzaileek, begiraleek...) beharrezkoa dute prestakuntza berezia: “Heldu horiek nor diren antzeman, prestatu eta ahaldundu behar dira, eredu izan daitezen. Umeari zerbait sentiaraziko dion heldua behar dugu eskolan, auzoan, aisialdian, parkean...”.
Hari afektiboak euskaraz blaitzeaz gain, euskaradun harremanak elikatzea, oroitzapenak ereitea eta atxikipen berriak egitea proposatzen du Arrietak: “Beste era batera egin behar ditugu gauzak eta beste gauza batzuei garrantzia eman. Hutsuneetara joan behar dugu, eta hutsune horietan guk dilin egin behar dugu”. Bide horretan emozioak sortzea ezinbestekoa dela nabarmendu du sortzaile bizkaitarrak.
Hitza ahoz hasten, hezten eta hazten da (Euskara ahora eramateko dekalogoa):
ALFERREKOAREN ERABILGARRITASUNA HAUTEMAN
ALFERREKOAREN ERABILGARRITASUNA OSAGARRI EGIN
NI-a EUSKARAZ LANTZEKO EKIMENAK ERATU
HARI AFEKTIBOAK EUSKARAZ BLAITU
EUSKARADUN HARREMANAK ELIKATU
INTIMITATEA SOZIALA ETA EUSKARADUNA ELIKATU
ATXIKIPEN BERRIAK EUSKARAZ
HARREMANAK BEROTU
EUSKARADUN OROITZAPENAK EREIN
BALOREDUN ATXIKIPENAK ERAKUTSI
EUSKARADUN HARREMANAK EHUNDU
Aisialdiko eta kiroletako ereduak
Aisialdian eta kirol-jardueretan gazteekin aritzen diren taldeen esperientziak ezagutzeko parada izan zen, azkenik. Zizur Nagusiko Ardoi Pilota Eskolan entrenamenduak euskara hutsean egiteko erabakia hartu zuten duela urte batzuk; esperientzia horren inguruko azalpenak eman zituen Roberto Gómezek. Dindaia Fundazioko Esther Lakasta, berriz, Euskaraz Klika egitasmoaz aritu zen: pandemia garaian, elkarrizketak linean egiteko aukera ematen duen gunea sortu zuten eta Nafarroa osoko D ereduko gazteei eskaintzen zaie.
Matematika, gizarte eta beste ikasgai batzuekin batera, bertsolaritza ere lantzen da D ereduko ikastetxe askotan. Leire Barberenak Bertsolaritza ikastetxean programaren lorpenak eta erronkak izan zituen hizpide. Azkenik, gelatik kanpo, Larunblai aisialdiko programa ezagutzeko aukera izan zen. Topaguneko Ander Barandiaranek adierazi zuenez, “Larunblaik haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragitea du helburu, eskolatik kanpo beraien arteko harremanak euskaraz izatea. Aisialditik eta horretarako bereziki prestatutako hezitzaile talde baten laguntzarekin egiten dute lan Iruñerriko zenbait herritan.