Sarean eta hedabideetan horrelako esaldiak aurki daitezke: «Ekonomilariek ohartarazi dutenez, erabakigarria izango da ondorengo asteetan Persiar golkoko egoerak norantz jotzen duen ikustea», «Ekonomilari eta sindikalista talde batek idatzi bat sinatu berri du garai horretan bankariek, finantzariek, erregimenaren ondoko alderdiek eta kontrol-erakundeek orduan hartu zituzten konpromisoen inguruan», «Helburu finantzariak direla eta, behartsuak ahazten eta erabiltzen dituen merkantilismoan eror daiteke», «Udalak plan ekonomiko-finantzierobat onartu zuen, bi urteko iraupena izan duena».
Euskaltzaindiaren 49. arauak, -ari (-lari) atzizkiari buruzkoak, dioenez, -ia bukaerako izen bati (ekonomia, zientzia, historia) -lari atzizkia lotzean ez da izenaren -a itsatsia galtzen. Horrela, ekonomialari (ez *ekonomilari), zientzialari (ez *zientzilari), historialari (ez *historilari) dira forma arautuak.
Bestalde, Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duen bezala, ez dira nahasi behar finantzari izena (‘finantza-gaietan aditua den pertsona’) eta finantzario izenondoa (‘finantzena, finantzei dagokiena’). Ez da egokia, beraz, izenondo balioa ematea finantzari hitzari.
Gogoan izan, gainera, finantziero ez dela jaso hiztegi arauemailean.
Beraz, gorago aipatutako adibideak horrela idatziko genituzke: «Ekonomialariek ohartarazi dutenez, erabakigarria izango da ondorengo asteetan Persiar golkoko egoerak norantz jotzen duen ikustea», «Ekonomialari eta sindikalista talde batek idatzi bat sinatu berri du garai horretan bankariek, finantzariek, erregimenaren ondoko alderdiek eta kontrol-erakundeek orduan hartu zituzten konpromisoen inguruan», «Helburu finantzarioak / finantza-helburuak direla eta, behartsuak ahazten eta erabiltzen dituen merkantilismoan eror daiteke», «Udalak plan ekonomiko-finantzariobat onartu zuen, bi urteko iraupena izan duena».
Ikus, halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua (finantzari, finantzario).
Euskaltzaindiaren 49. araua (-ARI/-lari atzizkiaz)