Pantxoa Etchegoin Ipar Euskal Herriko idazle, antzerkilari eta kultura-eragile ezaguna da. Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria izan da 1996tik 2021era arte. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen Iruñean, 2021eko azaroaren 26an eginiko Osoko bilkuran, eta diploma 2022ko apirilaren 29an jaso zuen, Baionako herriko etxean eginiko ekitaldian.
Euskaltzain urgazle izendatu zaitu oraintsu Euskararen Akademiak. Azken asteotan izan duzu Euskaltzaindiaren jarduna ezagutzeko aukerarik?
Euskaltzaindia orokorrean ezagutzen dut, baina harrituta geratu naiz ikusi dudalako anitz sailetan egiten duela lan. Eta Euskaltzaindiak badu adar bat Ipar Euskal Herrian, eta hor jakin izan dut badela anitz lan egiteko. Esan bezala, Euskaltzaindiak zeregin asko ditu, tartean euskara zaintzea eta aztertzea, alor horretan ikerketak egitea, hizkuntza baloratzea... Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian badago zer egin. Batetik, jendeak Euskaltzaindia bera hobeto ezagutu dezan eta bestelako alor guzti horietan eragiteko. Hori dena aitzinatu behar dugu, hemengo partaideekin, elkarte eta instituzio ezberdinekin, eta, urgazle guztiek bezala, ni ere entseatuko naiz horretan: hemen Euskaltzaindia hobeki ezagutua izan dadin eta proiektu ezberdinetan parte har dezan, gizarteko beste partaideekin batera.
Beraz, horiek izango dira zure lehentasunak?
Lehenik badut anitz ikasteko, jakiteko Euskaltzaindiak zuzen eta zehatz zer egiten duen. Gero, Ipar Euskal Herrian Euskaltzaindia hobeki ezagutua izan dadin komunikazio tresnak baliatu behar dira eta jendearengana hurbildu: eragileengana, instituzioengana, irakaskuntzara... Ikus ditzaten zeintzuk diren Euskararen Akademiak bultzatzen dituen proiektuak, batzuk euskarari lotuak direnak, bestetzuk euskal kulturari lotuak. Zeregin hori eraman behar dugu denok elkarrekin, euskara gehiago indartua izan dadin, gizarteratua izan dadin eta proiektu sendoak sustatzeko.
Euskalgintzan esperientzia luzea duzu. Lagungarri izango duzu zeregin berri honetan, ezta?
Egia da 24 urtez Euskal Kultur Erakundean egon naizela. Kontent naiz beti sail hori segitu izan dudalako, baina euskara eta euskal kulturaren alorrean badut oraindik anitz lantzeko eta partaide andana bat ezagutzen dut, baina espero dut aurrerantzean ere partaide berri batzuk gurutzatuko ditugula. Sare lan bat dago egiteko, eta hori elkarrekin eraman behar dugu, hau da, Euskaltzaindiak beste erakunde eta elkarteekin batera.