Hizkuntza hil eta klasikoen arauaren jatorrizko bertsioa 1995ekoa da, eta hogeita hamabost hizkuntza‑izen biltzen ditu. Lehenengo arauetakoa da, duela hogeita bost urte baino gehiago emana, eta gerora Euskaltzaindiak 142. arauan (Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak) eta 147. arauan (Antzinateko hirien euskarazko izenak) zehaztu dituen irizpideekin eta hartu dituen erabakiekin bat etorrarazteko eguneratu da, lau hizkuntza-izenetan garai hartan hartu zen erabakia ez baitzetorren bat gerora hizkuntza‑izen horien jatorrian dauden leku‑izenetarako araututako formarekin.
Horregatik, hizkuntza horien izenaren eta hizkuntza horren lurraldeen izenaren eta lurralde horietako herritarren izenaren arteko koherentzia ziurtatzeko, lau hizkuntza‑izen hauek eguneratu dira:
akadera (lehen, akadiera), haren jatorrian dagoen Akad leku‑izen eta akadtar izen/adjektibo arautuekin bateratzeko.
hattiera (lehen, hatiera), haren jatorrian dagoen Hatti leku‑izen eta hattiar izen/adjektibo arautuekin bateratzeko.
liziera (lehen, likiera), haren jatorrian dagoen Lizia leku‑izen eta liziar izen/adjektibo arautuekin bateratzeko.
sumerrera (lehen, sumeriera), haren jatorrian dagoen Sumer leku‑izen eta sumertar izen/adjektibo arautuekin bateratzeko.
Exonomastika batzordea