Euskaltzaindiak La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929) liburua aurkeztu du, gaur, Donostiako Luis Villasante Ikergunean. Hartara, hedabideen aurrean agertu dira Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia, Ander Irizar Euskarabidea Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Mikel Zalbide euskaltzaina eta Jesus Lorenzo Jimenez irakasle eta ikertzailea.
Goi Erdi Aroko Vasconia penintsularra aipatzen duten notizia guztien bilketa egin du Jesus Lorenzo Jimenezek La vasconia peninsular en las fuentes árabes liburuan, helburu jakin batekin: kronista arabiarrek utzi zizkiguten Euskal Herriaren –batez ere, Nafarroaren- historiari buruzko testuak birpentsatzeko tresna bat eskueran izatea. Guztira, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik ateratako laginak dira. Notizia edo berri-emate horietan aipatzen diren toponimo guztien azterketarekin ixten da liburua (guztira, 52 leku-izen). “Testu ugaritan barreiaturik dauden Vasconiari buruzko notizia guztiak bolumen bakar batean eskaini nahi izan ditugu eta, era berean, Europako hizkuntza batera egindako itzulpen eguneratu bat ikertzaileen eskuetan jarri”, azaldu du gaur egileak.
Kronika edo notizia horietan, arabiarrak Nafarroako egungo lurraldeez arduratu zirela aipatzen du Jimenezek: “Lurralde honek dauzkan bi poloak aipatu zituzten bereziki: Iruñea eta Tutera”.
Aurretiaz ere egin izan dira antzerako lanak, baina honek baditu bestelako berezitasunak, egileak berak adierazi duenez: “Liburu honetan agertzen diren itzulpenek ez dute aurreko besteekin lehiatu nahi; aitzitik, horien osagarri dira, pauso bat aurrerago joan nahian. Itzulpen hauek ikertzaileei zuzendurik daude bereziki eta ikertzaile horiek, edukiaz gain, beste kontu batzuetan ere jartzen dute arreta: nork idatzi zuen testua, zer baldintzatan eta abar. Originaletik ahalik eta gertuen dagoen testua eskaintzen saiatu naiz: berdin arabieraz ez dakitenentzako edo arabiera irakurtzen dakitenentzat”.
Lan “handi eta ederra”
“Testigantza zuzenen urritasuna dela medio, nahi baino gutxiago ezagutzen dugu Goi Erdi Aroa gurean. Eskuragarri ditugun jakin-iturri guztiak erabili behar izan dira, hortaz, argitze-lan honetan. Alde horretatik, iturri arabiarren testigantza saihestu ezina zen. Lan handi eta ederra egin du Jesus Lorenzok esparru horretan. Zorretan gaude berarekin”, esan du Mikel Zalbide euskaltzainak gaurko prentsaurrekoan.
Zalbide Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoko zuzendaria ere bada, eta etorkizunean argitaratuko diren lanen berri eman du: “Argitalpen hau Euskaltzaindiaren EHS proiektuan txertaturik dator. Euskarak eta albo-erdarek aldi eta alde jakinetan izandako bizimodua eta partaidetza-moldea aztertzen ditu EHSk, perspektiba soziolinguistikoa izanik ardatz. Gaurko liburu honen ondoan, gure deitura- eta leku-izenen osaera lexikogenesikoa aztertuko duena etorriko da. Bi elementu horien laguntzaz, Goi Erdi Aroko mintzajardunaren gure arteko gizarte-moldaera hein batez argitzea espero dugu hirugarren argitalpen batean”.
La vasconia peninsular en las fuentes árabes liburua Etxeberri Bildumaren barruan argitaratu du Euskaltzaindiak. Etxeberri Bilduma euskararen historia soziolinguistikoari eskainitako liburu-sorta da. Liburua salgai dago, Akademiaren webgunean eta Elkar liburu-dendetan.