"Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak" argitalpenaren aurkezpena
Datorren ostiralean, eguerdiko 12:00etan, Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak, Bilbon, egoitzan. Liburua Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainak paratu du, eta Etxeberri bilduma berriaren lehen zenbakia da. Etxeberri bilduman (EHS) euskararen historia soziolinguistikoari buruzko lanak -agiriak eta ikerlanak, idazlan berriak eta lehendik sakabanatuta daudenak- bilduko dira.
Euskaltzaindia Euskararen Historia Soziala (EHS) egiten ari da, eta horretarako sortua du Mikel Zalbide euskaltzainak zuzentzen duen Joanes Etxeberri egitasmoa. Hala bada, Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak argitalpenaren helburu nagusia EHS ezagutu ahal izateko eskura dauden argitalpenak aurkeztea izan da, liburuak eta artikuluak bilduz. Orotara, 4.440 erreferentzia jasotzen ditu liburuak, hizkuntzaren historia sozial orokorrera hurbiltzeko bibliografia hautatua eskaintzen duelarik: 1.657 liburu, 1.955 artikulu eta 828 hitzaldi edo liburu-kapitulu. Euskararen iragan soziala ezagutu eta arakatu nahi dutenentzat pentsatuta dago argitalpena, eta bereziki ikertzaile eta ikertzaile-gaientzat egin da bilketa hau. Batez ere, ikertzaile gazteak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak.
Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek ere lan egin dute liburu honetan.