Sarako Idazleen Biltzarra, literaturatik harago
Pazko astelehenez eta eguraldia lagun, lan berri bat aurkeztuko du gaur Euskaltzaindiak Sarako Idazleen Biltzarrean: 'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'. 2016ko azaroan, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak Baionan egindako Jagon jardunaldiko txostenak biltzen ditu lan honek.
Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiko Jagon sailburuak prestatu du liburukia, eta gaurko prentsaurrekoan esan duenez, "ondorengo urteetan Ipar Euskal Herriko euskalgintzak eman beharreko pausoak biltzen ditu, duela bi urte Jagon jardunaldietan irudikatu zirenak". Eta nabarmendu ditu liburukian datozen artikuluetako batzuk, tartean, Sagrario Aleman euskaltzain nafarraren Geroa euskaldunago, Kontseiluko Argitxu Etxandiren Euskararen estatusa: legezko koadroa eta aukerak, edo Allande Socarros Zuberoako Herri Alkargoko euskara arduradunaren Ipar Euskal Herrian euskararentzako erronka berriak.
2016ko Jagon jardunaldi hartan Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak elkarrekin eginiko adierazpena ere badakar liburuki berriak (Ipar Euskal Herrian euskara galzoritik atera eta indarberritzeko-bidean paratzeko).
Gainera, aurten Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea omendu du Sarako herriak, azken bost urteotan bertako euskararen alde eginiko lanagatik. Besteak beste, Zuazok herrian jasotako hitz eta erran-zaharrak bildu ditu Sarako euskara ikerlanean.
(Koldo Zuazo, Sarako auzapezarekin)