Euskaltzaindiak Sierra de Toloño, nexo de la montaña y la Rioja Alavesa ikerlana aurkeztu du, gaur, Gasteizko Artium Museoan. Aurkezpenean parte hartu dute Estibaliz Alkortak (Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria); Joseba Pérez de Herediak (Arabako Foru Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol zuzendaria); José Ángel Chascok (ikertzailea); eta Roberto González de Viñasprek (euskaltzain urgazlea eta Akademiaren ordezkaria Araban).
Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak gogoratu du “izena daukan guztiak” duela izana, eta azpimarratu du leku baten izenak asko diola leku horren historiaz. “Toponimo batek hitz egiten digu espazio horretan bizi izan diren lagunen historiaz, haien kulturaz, sinismenez edo une historiko desberdinetan elkarrekin komunikatzeko erabili duten hizkuntzaz”, argitu du. Gaineratu du, baita, Chascok egin duen ikerketa honetan Toloño mendilerroaren kasua azaltzen dela, “argi utziz hau izan dela historikoki toki honek hartu izan duen izena tokiko biztanleentzak”. Azkenik, Alkortak aurreratu du honen zabalkundea egingo duela Jaurlaritzak, ikerlan zorrotz eta mamitsuaren emaitzak herritarren artean banatuz, ulerterraza den argitalpen baten eskutik.
(Estibaliz Alkorta, Joseba Pérez de Heredia, José Ángel Chasco eta Roberto González de Viñaspre, gaur, Gasteizen)
Joseba Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria ere pozik agertu da ikerlanaren emaitzarekin. “Eskerrak eman behar dizkiot egileari, proposatzen dizkigun irtenbideengatik, testigantzetan, une historikoetan, mapetan zein literatura testuetan sendo oinarrituta baitaude, eta, nola ez, eskerrik asko Euskaltzaindiari argitalpen hau editatu eta zabaltzeko egin duen ahaleginagatik”, esan du Pérez de Herediak.
Aspaldiko auzia
Izenak bildumako zazpigarren emaitza baliagarria da Toloño mendilerroaren inguruan zeuden zalantzak eta okerrak zuzentzeko, baina ikerlan honen oinarriak aspaldikoak dira. Hain zuzen, lehen irizpena 1990ekoa da, eta Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian argitaratu zen. Ondoren, 1998an, bigarren irizpen bat eman zuen Onomastika batzordeak Toloño mendilerroa izendapenaren erabateko zilegitasuna berresteko. Hirugarren irizpen bat egin zuen Onomastika batzordeak 2010. urtean, Toloño mendilerroa izenaren aldeko lekukotasun eta argudio gehiago erantsiz. José Ángel Chascoren lan hau ikerketa luze horren azken emaitza da, zehaztasun handiz jorratutako ikerketa, datu ugarirekin hornitua eta ondo arrazoitua.
Aurrerantzean: 'Toloño mendilerroa', eta ez 'Cantabria mendilerroa'
Euskaltzaindiak 'Toloño mendilerroa' toponimoari buruzko lan “zehatza eta ondo arrazoitua” aurkeztu du.
Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak esan du Jose Angel Chascok egin duen ikerketa honetan Toloño mendilerroaren kasua azaltzen dela, “argi utziz hau izan dela historikoki toki honek hartu izan duen izena tokiko biztanleentzak”.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ikerlan zorrotz eta mamitsuaren emaitza ezagutaraziko dute Toloñoko mendilerroan bizi diren biztanleen artean, argitalpen berezi eta ulerterraz baten bidez.
José Ángel Chascori gazteleraz eginiko elkarrizketa gehitu dugu hemen: J. A. Chasco (PDF, 146, 5 KB)
Idatzi iruzkina