Hona hemen aurkeztutako lanaren laburpena, euskaraz
Ikerketak euskal etimologiagintzan: maileguak, erroak eta hiztegi etimologiko berri bat
Maileguak, berreraiketa eta etimologia euskal ikasketetan
Aro berri bat abiatu zen euskal hizkuntzalaritza diakronikoan Mitxelenarekin. Martinetek (1950) proposaturiko herskarien berreraiketa sistema fonologiko osora zabaldu zuen Mitxelenak (1961-1977). Aitzineuskararen sistema fonologiko osoaren berreraiketa honek 1200 etimologia berri ditu emaitza gisa, eta batik bat mailegu latin-erromantzeetan oinarritua da.
Ondare zaharreko hitzen berreraiketa fonologikorako oinarriak ezarri zituen proposamen horrek. Bokalarteko VlV > VrV ongi dokumentatua dago lat. angelus, gula > eusk. aingeru, gura moduko adibideetan, eta horrek laguntzen digu hobeki ulertzen euskara/euskaldun eta sari/saldu moduko bikoteetan gertatzen dena: hauetan, jatorrizko albokariak berreraikitzen dira, *euskala eta *sali. Baina maileguen egokitzapenetik atera dezakegun informazioa ia erabat agortua dago.
Erro kanonikoa eta gramatikalizazioa
Erro kanonikoaren definizioan oinarriturik, eredu berri bat proposatzen du Lakarrak (1995) euskal lexikoaren berreraiketarako: aldarrikatzen da oinarrizko CVC egitura dutela aitzineuskarazko erroek. Ideia hau gidari harturik, datu ezagunen gaineko analisi berri ugari egin eta ondare zaharreko erro eta atzizki berriak identifikatu ahal izan ditugu: cf. *bel ‘beltz, ilun’ erroa (beltz, bele, arbel, orbel), *din ‘bilakatu’ erroa (cf. jin ‘etorri’ <*edin), hor ‘txakur’ erroa (cf. hortz), etab.
Era berean, azterketa tipologikoetan ongi deskribaturiko gramatikalizazio bideei esker hainbat atzizkiren jatorri etimologikoa identifika dezakegu, hala nola -di izenondo atzizkiarena, zeina *din ‘bilakatu’-tik baitator (Dimmendaal 2011: 129).
Euskal hiztegi etimologiko berri bat
Euskaltzaindiak euskal hiztegi etimologiko berri baten erredakzioa sustatu du; hiztegi honek bere baitan biltzen ditu euskal lexikoaren berreraiketan egin diren azken aurrerapenak.
Bibliografia:
-Lakarra, J.A., 2005, 'Reconstructing the Pre-Proto-Basque root', in Towards a History of the Basque Language, Hualde, J. I.; Lakarra, J. A. & Trask, R. L. (Eds.), 189-206. Amsterdam-Philadelphia: John Benjamins.
-Martinet, A., 1950. 'De la sonorisation des occlusives initiales en Basque', Word 6, 224-233.
-Mitxelena, K., 1961-1977, Fonética Histórica Vasca. Donostia: GFA.
-Dimmendaal, G. J. 2011, Historical Linguistics and the Comparative Study of African Languages. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
Uztailean, Texaseko Unibertsitatean
Ameriketako Estatu Batuetara joango da Euskaltzaindia uztailean, hain zuzen, International Conference on Historical Linguistics kongresuan parte hartzera. Hona hemen egitaraua eta hitzaldien nondik-norakoak.
Kongresua: 23rd International Conference on Historical Linguistics,
Tokia: University of Texas at San Antonio
Data: 2017ko uztailaren 31tik abuztuaren 4ra
Izenburua: ' The new Basque Historical-Etymological Dictionary: advancements on the reconstruction of the Basque lexico'
Kongresua: 23rd International Conference on Historical Linguistics,
Tokia: University of Texas at San Antonio
Data: 2017ko uztailaren 31tik abuztuaren 4ra
Izenburua: 'Split ergativity in Basque: the axis of number'