Euskaltzaindiak zuzenean parte hartuko du Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 16. edizioan. Guztira, 63 udal, 17 elkarte eta erakunde ofizial, 17 museo eta 50 kultur elkarte inguruk parte hartu dute aldi berriaren antolaketan eta, urtero legez, Bizkaiko Foru Aldundia izan da koordinatzailea.
Gainera, aurten estreinakoz mugak gainditzen dituzten jarduerak antolatu dira. Honela, Bizkaiak eta Islandiak bat egin dute iraganean elkarrekin konpartitutako esperientzia bat erakusteko: XVII. mendean, euskaldunon eta Islandiako ipar-mendebaldeko biztanleen arteko harremanak, hain zuzen ere.
Zentzu honetan, Euskaltzaindiak 'Euskararen aztarnak Islandian' hitzaldia eskainiko du bihar, 18:00etan eta bere Bilboko egoitzan. Gidor Bilbao euskaltzain urgazlea izango da hizlaria eta XVII eta XVIII. mendeetan bi komunitateen artean garatu zen hizkuntza erraztu bati buruz arituko da, euskara-islandiera pidgina delakoaz, hain zuzen. Hizkuntza edo pidgin horrek 745 hitz dauzka, eta euskara, islandiera, frantsesa eta ingeleseko 745 hitz gordetzen ditu. Biharko hitzaldian pidgin hizkuntzaz idatzitako testuak aztertuko dira eta euskal osagaiak beste hizkuntza batzuetatik eratorritako hitzetatik bereizten ahaleginduko da hizlaria.
Horrez gain, beste lau hitzaldi egingo dira Akademiak Bilbon duen egoitzan: ostegunean, urriak 20 dituela, 'Etxetik kanpokoek leku-izenetan ezkutatu zizkiguten altxorrak' (Felix Mugurutza); urriaren 21ean, 'Barne emigrazioa mendebaldera, deituretan' (Mikel Gorrotxategi); urriaren 25ean, 'Euskaldun bi Amerikan: Daniel Lizarralde eta Florentzio Basaldua' (Kepa Altonaga); eta, urriaren 27an, 'Urruneko mendebalean artzain: urrunekoa eta artzaintza baino askoz gehiago' (Amaia Jauregizar).
Guztiak ere berbaldi sano interesgarriak dira, gure ondarea eta iragana ezagutzeko bide aproposak, punta-puntako ikerlari eta adituen eskutik.