“Euskal kulturaren sustatzaile aparta izan da Juan Zelaia”, gogoratu du Andres Urrutiak
Juan Zelaia Letamendi enpresaburu eta euskaltzalearen heriotzean, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du oñatiarraren kemena eta betidanik erakutsi duen euskal kulturarekiko konpromisoa. "Euskara eta euskal kulturaren sustatzaile aparta izan da Juan Zelaia”, adierazi du Urrutiak, eta, bide batez, gogoratu ditu haren bizitzako ardatzak: hain zuzen, “euskara, euskal kultura eta herrigintza”. Jakina denez, Euskalgintzako edozenbat enpresa eta ekimeni eskainitako laguntzaz gain, Juan Zelaiak sariak eta bekak sustatu izan ditu, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren bitartez, gehienbat. Ezin ahaztu, gainera, Juan Zelaia Fundazioak eta Euskaltzaindiak harreman estua eta emankorra izan dutela aspalditik. Bihar, 12:30ak aldera, Andres Urrutia bera eta Adolfo Arejita euskaltzaina hurbilduko dira Oñatiko Moyua Tanatorioan jarriko duten hil-kaperara.