Imanol Urbieta UZEIko zuzendariak eta Miriam Urkia Lexikografia Sailaren arduradunak egin dute aurkezpena Donostian, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Esan duten bezala, Akademiaren eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak eta irizpideak dira Hobelexen zuzenketa-proposamenen oinarri nagusiak. Doakoa da eta erabiltzeko baldintza bakarra PCetarako Microsoft Office izatea da.
Gaur adierazitakoaren arabera, Hobelex zuzentzailea "hutsune bat betetzera dator: orain arte akats ortografikorik gabe idaztea bakarrik bermatu dute zuzentzaileek, baina hori ez da nahikoa: zuzentzaile ortografikoa motz geratzen da. Hobeto idaztea da kontua. Eta, beraz, ezinbestekoa da lexikoa ere zuzentzen duen tresna bat euskara batuaren arauei jarraituz idatzi nahi duen edonorentzat".
Hobelexek dituen ezaugarriak aipatu dituzte Urbietak eta Urkiak. Besteren artean, honako hauek: idatzi ahala egiten dituela proposamenak; eta etengabe eguneratzen dela, hots, "egunez egun eguneratzen dela zuzentzailearen atzean dagoen informazio linguistikoa".
UZEIk eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2013ko martxoaren 6an.