Bilbon emandako prentsaurrekoan, abiarazte-aldiaren inguruko xehetasunak eman zituen atzo Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak. Azaldu zuenez, abiarazte-aldiak iraun bitartean eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da.
Agerraldian adierazi zutenez, "domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu; eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu".
Josu Waliñorekin batera, hauek izan ziren prentsaurrekoan: Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea; Itxaso Compañon, Arabar Errioxako Compañon Arrieta upategiko arduraduna; Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuaren zuzendaria; Matxalen Ziarsolo Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina; eta Jose Antonio Gartzia Zumaiako merkataritza indarberritzeko plataformaren presidentea. Haiek guztiek lehenengo domeinu-izen eskariak egin dituzte jada.
Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus Fundazioko kide. Joan Mari Torrealdai da presidentea, Akademiaren ordezkari gisa.