Hau izango da egitaraua:
- 11:00etan, Gorgonio Renteria Kultura Etxean: Imanol Berriatuaren bizitzari buruzko erakusketa birtuala, Xabier Kintana eta Pruden Gartziaren eskutik. 30 minutuko bi saio izango dira
- 12:30ean, Talaian:
- Koldo Olagibel alkatea. Sarrera-hitzak
- Juan Luis Goikoetxearen hitzaldia
- Xabier Kintanaren hitzaldia
- Andres Urrutia euskaltzainburua. Agur-hitzak - 13:30ean, Talaiako goialdean:
- Ohorezko aurreskua
- Plaka bistaratzea - 14:30ean, herri bazkaria, Tinglaupean
Imanol Berriatua Elantxoben jaio zen, 1914ko abenduaren 24an eta Jerusalem-en hil, 1981eko irailaren 15ean. Gaztetatik joan zen Gernikara bizitzera. Foruan hasi zituen eliz-ikasketak bertako frantziskotarren komentuan. Teologia ikasketak ere egin zituen Arantzazun.
Gerra Zibilak eztanda egin eta ihes egin zuen. Kubara joan, eta han, Habanan, apaiztu zen. 1950ean itzuli zen Euskal Herrira eta hainbat euskaltzalerekin jarri zen harremanetan, Federico Krutwig-ekin batez ere. Grekoa, hebreera, ingelesa, eta alemana hitz egiten zituen besteren artean. Anaitasuna aldizkaria sortu zuen 1953an.
Bermeoko komentuan bizi izan zen. Arrantzaleen kapilau izan zen eta beraiekin joan izan zen itsasora, afrikar portuetan izapide kontuetan laguntza emateko. Bilbon bizi zela, 1967tik aurrera, euskararen inguruko ikerketa lana areagotu zuen. Israelera bidaiatu zuen gero, eta euskararen metodo eta irakaskuntza alorrean ekarpen handia egin zuen. Euskaltzaindiak 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen.