Sari horren helburua "kulturaren mesedean jardunean ari diren ikertzaile, zientifiko eta Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietan aditu onenei bikaintasuna aitortzea da". Esan bezala, Orpustanek eta Landak 'ex aequeo' jasoko dute. Horrela jakinarazi dute gaur, ekainaren 17an, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzaren presidenteak eta Pello Ugalde Laboral Kutxako lurralde zuzendariak.
Jean Baptiste Orpustan Ortzaizen (Nafarroa Beherea) sortu zen, 1934an. Ohorezko euskaltzaina da, 2004tik. Michel de Montaigne-Bordele III Unibertsitateko irakasle ohia da. 1986an, Jean Haritschelhar zenaren lekukoa hartu eta Bordeleko Unibertsitateko Euskara katedra eskuratu zuen.
Toponimian aditua da. Lapurdum aldizkariaren sortzaileetariko bat eta lehenbiziko zuzendaria izan zen. IKER ikerketa zentroaren arduraduna ere izan zen.