Bisita hauen xede nagusia Euskaltzaindia herritarrengana gerturatzea da. Horretarako, Akademiaren sorreraz eta ibilbideaz ez ezik, publikoaren esku jartzen dituen baliabide guztiez ere hitz egiten zaie bisitariei. Azkue Biblioteka ere bisitatzen da.
Hala, hainbat gai jorratzen da. Besteren artean:
- Euskararen jatorria, honen gaineko teoria desberdinak eta euskara idatziaren lehen urratsak.
- Akademia historian: Euskaltzaindiaren helburu nagusiak; Euskaltzaindiaren sortzea: aitzindariak, 1918ko Oñatiko biltzarra eta lehen euskaltzainen promozioa; Euskaltzaindia gerra garaian eta gerra osteko urteetan; euskara normalizazioaren bidean.
- Gaur egungo Akademia: erakundearen erabakiguneak: Zuzendaritza eta Osoko bilkura; Euskaltzaindiko batzorde, egitasmo eta lantaldeak; Euskaltzaindiko zerbitzuak.
- Euskaltzaindiaren webgunea eta bertan aurkitu ditzakegun tresnak (EODA, OEH, EHHA...).