Euskaltzaindiaren erantzunean azaltzen denez, erabatekoak dira euskaldunok ilgora eta ilbehera hitzak ilargiaren faseen adieran erabili eta erabiltzen dituztelako testigantzak. Adiera berriak, zeinen arabera esanahia gaztelaniazko luna ascendente eta luna descendenterekin parekatu nahi baitira, funtsik eta oinarririk gabeak dira. Gure iritziz, adiera horiek hitzen interpretazio konposizional batean oinarritzen dira, jatorrizko esanahiak horiek direla baieztatuz eta gaur egun berrezarri behar liratekeela aldarrikatuz. Ikuspegi hori, gehienez ere, hipotesitzat plantea liteke; baina hori hala dela baieztatzen dutenek ez dute inolako frogarik eman egiaztatzeko. Baina, hipotesiaren aldeko ebidentziak aurkituta ere, horrek ez luke bide eman behar gaur egun errotuta eta estandarrak diren adierak ordezkatzeko.
Beraz, aipatu gaztelaniazko luna ascendente/descendente edo frantsesezko lune montante/descendante adierazleak euskaraz emateko, ezin dira ilgora eta ilbehera erabili; hitz berriak sortu behar lirateke, esate baterako goranzko ilargi eta beheranzko ilargi, dagoeneko zenbaitek egin duen bezala. Adierazi nahi dugu, dena den, horiek ez direla, beren horretan, astronomia-arloko termino zientifikoak (bai, ordea, goranzko/beheranzko nodo).
Comments
Agur
Xipri