Hitzarmen horrek Herria astekariaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sustatzea du helburu, eta euskararen eta euskal kulturaren eremuan gauzatuko da.
Herria astekaria 1944an sortu zen, talde euskaltzale baten eskutik. Gehien bat Ipar Euskal Herriko gertakariak jorratzen ditu. Hego Euskal Herriko gertakari garrantzitsuei ere toki handia ematen zaie. Haatik, Herriaren berritasuna da herrietako berri xumeak aipatzea, berrogei bat berriketaritako sare bati esker. Erlijioak ere bere tokia dauka, asteroko kronika batekin.
Lexikoaren Behatokia
Besteren artean, gaur sinatu den hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Herria aldizkariaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da.
Lexikoaren Behatokiaren xedea honako hau da: corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen.
Bada beste corpus mota bat, erreferentzia-corpusa deitzen dena. Erreferentzia corpusetan hizkuntzaren erabilera-mailek, generoek eta gaiek benetako erabileraren araberako pisua behar izaten dute eta oso handiak izaten dira, gutxienez 50 milioi hitzekoak.
Lexikoaren Behatokia corpus monitorea izan arren, erreferentzia-corpus bilakatzeko moduan lantzen da. Horretarako, testu guztiak katalogatzen dira eta ezaugarri batzuekin markatzen, etorkizuneko erreferentzia-corpusak behar duen oreka izan dezan. Aurten 43,4 milioi testu-hitz izango ditu eta urtean-urtean 8 milioi inguru hazten da.
Lan hori guztia egiteko, Euskaltzaindiak hitzarmenak sinatzen ditu, alderdi batetik, testuen hornitzaileekin, bereziki hedabideekin, eta, bestetik, corpusa lantzen duten hiru erakundeekin: Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin. Orain Euskaltzaindiak hitzarmen berria, eta garrantzitsua, sinatuko du, Herria aldizkariarekin, eta horrek Lexikoaren Behatokiari ekarpen aberatsa egingo dio.
Horretaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Herriak eginiko kontsultei, kontsultak euskararen kalitateaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskararen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak direnean. Kontsulta horiek bideratzeko orenean, bi erakundeek Euskaltzaindiaren Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia (HIZBEA) zerbitzuaren erabilera sustatuko dute. Era berean, erakunde sinatzaileek hizkuntza baliabideak ezagutarazteko lantegiak edota ikastaroak elkarrekin antola ditzakete.
- Bi erakundeak elkarlanean arituko dira beren bibliotekako funtsak sendotzeko gisan. Horrexetarako, argitalpen trukea eginen dute, bakoitzak plazaratzen dituen dokumentuen ale bana batak besteari helaraziz. Lan batzuk, nahiz ez diren argitaratu, ikerketarako edo zabalkunderako interesgarriak badira, lan horiek elkarren eskura jarriko dira, betiere egileen eskubidea errespetatuz.
- Erakunde bakoitzak euskararekin eta euskal kulturarekin dituzten funtsak gizarteratzeko lankidetza bideak jorratuko dituzte, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta jardunaldiak elkarrekin antolatuz.
Helburu hauek lortzeko, Herria astekariak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du.