Nafarroako egoera ere kontuan hartu du, eta hauxe azpimarratu: "40.000 nafarren hizkuntza-eskubideak Foru Gobernuaren esku daude". Eta frantziar estatuari dagokionez, honako hau adierazi du: “Ez du aitortzen frantsesa ez den beste hizkuntzarik, eta horrela Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako milaka euskaldunen eskubideak urratzen ditu”. Hori dela-eta, europar instituzioei eskatu die “presioa egin diezaiotela frantses gobernuari, Hizkuntza Gutxituen Gutuna berresteko konpromisoa bete dezan”.
Horretaz guztiaz hitz egin da gaur, otsailaren 21ean, "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean" izeneko mintegian, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dutena. Hainbat eurodiputatuk -tartean Csaba Sándor Tabajdi eta François Alfonsi “Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena”ren egileek- eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkariek parte hartu dute.
Mintegia antolatu duten bi erakundeon buruek ere hitza hartu dute. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez, mintegiaren bitartez "gogoeta sendoa eskaini nahi izan diogu euskal gizarteari". Hizkuntza gutxituak ere, euskara barne, unibertsalak direla aldarrikatu eta horiei guztiei etorkizun oparoa opa die. Juan Mari Atutxa, aldiz, honela mintzatu da: “Hizkuntzak, txikiak zein handiak, hiztun ugari zein urriak dituztenak, berdinkideak dira. Hizkuntza horiek darabiltzagun herritarrok berdinkideak garelako, duintasun bera dugulako... eta bizitzeko eta izaten segitzeko eskubide bera dugulako”.
Informazio gehiago, Sabino Arana Fundazioaren webgunean.