Euskara babestea, gizartearen maila guztietara zabaltzea eta erabilera sustatzea Euskaltzaindiaren zeregin berariazkoak dira, legez Euskaltzaindia baita euskararen erakunde aholku emaile ofiziala. Hori horrela, Akademiak xede horiekin bat egitera gonbidatzen ditu Nafarroako haurren gurasoak eta beren seme-alaben heziketarako D eredua (euskarazko irakaskuntza Gaztelania irakasgaiarekin) hautatzera animatzen. Aldi berean, zorionak ematen dizkie eredu hori hautatzen duten gurasoei, bai eta eskerrak eta babes osoa ere, irakaskuntza publikoan zein ikastolen sarean urte luzez, zeregin horri osoki emanak eta emaitza bikainak lortuz lanean aritu diren eta ari diren irakasleei eta gainerako langileei.
Bilbon, 2014ko urtarrilaren 31n eginiko Euskaltzaindiaren Osoko bilkuran aho batez onartua.