Irailean hil zen Jean Haritschelhar zen Literatura Ikerketa batzordeko arduraduna. Beraz, orain egindako izendapenarekin, berak utzitako hutsunea beteko du Ana Toledo euskaltzain osoak.
Jabier Kaltzakorta, berriz, Herri Literatura batzordeko arduradun izendatu du Akademiak.
Ana Toledo (Antzuola (Gipuzkoa), 1954), Filologia Hispanikoan lizentziadun eta Euskal Filologian doktorea da. Deustuko Unibertsitatean irakasle, Euskal Literatura, Egungo Euskal Eleberria eta XX. mendeko Euskal Literatura irakasten ditu. 2005eko urriaren 21ean izendatu zuten euskaltzain oso.
Euskal literatura du langai eta aztergai nagusiena. Hainbat idazleren lana aztertu du: Azkue, Mogel, Etxepare, d’Abbadie, besteak beste. Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea da batzordea sortu zenetik, hots, 1989tik.
Jabier Kaltzakorta (Markina (Bizkaia), 1961). Euskal Filologian lizentziaduna. 1994tik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, gai hauetan: Ahozko literatura, Euskal Literatura (XVI.-XIX. mendeak) eta Euskal hizkuntza eta hizkuntza modernoak. Euskaltzain oso, 2013ko uztailaren 19an izendatua.
Herri literaturan eta paremiologian aditua da. 2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzaile, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko kide. Derioko Udako Euskal Ikastaroetako irakasle ere izan zen. 1996az geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide. Azkue Literatur Sarien epaimahaikoa da, aspalditik.