Europar Hiritarraren Saria Euskaltzaindiari eman diote
Euskaltzaindiak 2013ko Europar Hiritarraren Saria jasoko du, gaur, ekainaren 6an, Europar Parlamentuak jakinarazi duenez. Parlamentuak berak aditzera eman duenez, Europa osoko 21 herritako 43 hautagai sarituak izan dira aurten, horien artean Akademia. Saria urrian emango diote Euskaltzaindiari, hilaren 16an eta 17an, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan egingo den ekitaldian.
Europar Parlamentuak 2008an sortu zuen Europar Hiritar Saria. Horren helburua, Europako balioak, hiritar guztien gizarteratzea edota Europar Batasunean dauden estatuen arteko elkarlana sustatzen dituzten pertsonak edo erakundeak saritzea da.
Parlamentuak jakinarazi duenez, Izaskun Bilbao europarlamentariak aurkeztu zuen Euskaltzaindiaren hautagaitza. Bestalde, PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak ere jaso du saria.